Lasterketa hasi aurretik, jende ugari elkartu da Herriko Plazan, bertan baitzeuden 39. Santamas Krosean izena emateko mahaiak. Herritar ugari animatu da parte hartzera, 250 inguru. Behar zuena baino hamar bat minutu beranduago irten dira korrikalariak Maalako errebaletik; izan ere, zenbait parte hartzaile 12:30ak baino beranduxeago iritsi dira Herriko Plazatik hasiera puntura.
Bada, azkenean, guztiak hasierako marraren atzean ondo kokatuta zeudela baieztatu eta bota dute lasterketaren hasierako etxafleroa. Portaloitik gora abiatu dira korrikalariak ikusleen txalo eta animo artean. Herrigunean zehar egin dute lasterketa osoa, eta zirkuituari hiru itzuli eman behar izan dizkiote. Besteak beste, Erdiko kaletik, Olartetik edota Garibaitik igaro dira, eta bukaera, hain zuzen, Erdiko kalen izan da, Herriko Plazaren ondoan.
Hiru itzuliok osatzen azkarrenak Beñat Arnaiz eta Ane Zabala izan dira.
Koadriletan, Arrasate Runners eta Oinazkarrak
Koadrilen klasifikazioari dagokionean, Arrasate Runners taldea izan da gizonezkoetan onena, 67 punturekin. Gizonezkoetan bigarrena, berriz, Jotzaileak (90 punturekin), eta hirugarrena, Antxintxika (92 punturekin).
Emakumezkoetan, Oinazkarrak lagun taldea izan da onena, 75 punturekin. Horien atzetik, Gildak (188 punturekin) eta Girl taldea izan dira onenak (211).
Egun borobila
Lasterketa osoan zehar jenderik ez da falta izan, ez zirkuitu barruan, ezta hesiaren atzealdean ere. Eguraldi ona lagun, herritar ugari atera dira kalera beraien lagun eta familiartekoak eta lasterkari guztiak animatzera. Hain zuzen, karrera amaitzean bertan bizitako "giro berezia" nabarmendu dute parte hartzaileek.
Santamas krosa lagunartean egiteko lasterketa herrikoia da, jakina den moduan. Hala, askok eta askok lasterketa egin eta ondoren koadrilako poteoa edo bazkaria egiteko aprobetxatzen dute aitzakia.