Kantxara sartu ahal izateko zabaldu bariko jostailua eraman behar izan dute. Besteak beste, margoak, panpinak, kotxeak, puzzleak... Eroan dituzte. Jostailurik eraman ez duenak, Gurutze Gorriko txartel bat erosi du sarreraren ordez. Txartel horiekin ateratzen den dirua, jostailu gehiago erosteko erabiliko da. "Jostailu asko dugu jasota dagoeneko baina hala ere, gehiago erosi beharko ditugu ume guztiendako iritsi daitezen", adierazi du Gurutze Gorriko Gorka Mariak.
Abenduko asteburuetan Eroskin izan dira Gurutze Gorrikoak jostailuak jasotzen. Gaur Iturripen egin dute bilketa eta bihar Oñatiko plazan izango dira, Elkar Hezik antolatutako Gobernuz Kanpoko Erakundeen azokan. Biharkoa izango da azken eguna, astelehenean bertan hasiko baitira dena antolatzen, gero umeei eman ahal izateko.
MUk porrotarekin amaitu zuen 2016 urtea
MU eta Ardoiren partiduan kanpotarrak izan ziren jaun eta jabe. Partidua hasi eta buka agintzen aritu ziren markagailuan, eta azken emaitzak ezin hobeto azaltzen du bisitarien nagusitasuna, 60-86.
"Lesioak eta gastroenteritisak medio ezin izan dugu behar bezalako entrenamendurik egin, eta hori asko igarri da partiduan zehar. Ardoi bigarrena da sailkapenean, eta horrelako talde bati aurre egiteko taldea %100era egon behar da. Partidu amaieran, Ardoieko prestatzailea agurtzean, onartu egin dit denboraldi osoko partidurik borobilena egin dutela. Beraz, faktore guzti horiek kontuan izanda, hobeto uler daiteke lortu dugun porrota" adierazi du Josu Larreategi MUko prestatzaileak. Orain ia hilabete edukiko dute hurrengo partidua prestatzeko, eta urte hasieran edukitako sentsazio positiboak berreskuratzeko.