Goikobalu abesbatzak bi kontzertu emango ditu gaur. Alde batetik, Harreman gobernuz kanpoko erakundearen aldekoa, eta bestetik, Elai eta Elai txiki taldeena.
Koperazio proiektuen alde
Urtero antolatzen den kontzertua izaten da, eta abesbatzako talde ezberdinek hartzen dute parte bertan. Emanaldiarekin, Harreman erakundeak urtean zehar aurrera eramandako ekintzei amaiera eman nahi die. Ekintza horiek, bizitza duin baterako aukerak sortzea eta bidezko merkataritzan aktiboki parte hartzea bilatzen dute, eta aurten ugariak izan dira.
Gaur, 20:00etan hasita, San Frantzisko elizan eskainiko den kontzertuarekin, elkarteak eskerrik beroenak helarazi nahi dizkie laguntza lanetan aritzen diren guztiei.
Gabon kantak parrokian
Harremanen aldeko kontzertuaz gain, Elai eta Elai txiki taldeek doako kantu emanaldia eskainiko dute San Juan Batailatzailearen parrokian, 18:00etan hasita.
Kontzertuaren lehenengo zatian, Elai txikikoek lau Gabon kanta abestuko dituzte: Gabon Gabon, Arin-Arin Kristauak, Kanta Aleluia eta Gabon Eguna. Haurren abesbatza duela lau inguru urte sortu zen, eta egun 9 neska-mutikoz dago osatua.
Elai txikikoen emanaldiaren ostean, Elai abesbatzak Georg Friedrich Händelen Mesias oratorioko zenbait konposizio kantatuko ditu. Horrez gain, gabon kanta batzuk ere abestuko dituzte.