Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Alaia Martin, Oihana Iguaran eta Amets Arzallus Amaia antzokian izango dira abenduaren 21ean (20:00). Sarrerak dagoeneko salgai daude Jaizale, Irati eta Monte tabernetan eta AEDren egoitzan; egunean bertan ere egongo dira salgai, Amaia Antzokiko leihatilan, jaialdia hasi baino ordu bete lehenagotik. Hamar eurotan eskura daitezke; AEDko eta Goiena Klubeko kideek, berriz, zortzi eurotan.
Urteroko ohiturari jarraituz, AED elkarteak -Santamas Komisiñoarekin eta Altutik bertso eskolarekin elkarlanean eta Arrasateko Udalaren laguntzarekin- bertso saioa antolatu du.
Publiko gazteari gonbidapena
Azkeneko urteetako saioek publikoari dagokionez beherakada izan badute ere, Itxaro Artolaren esanetan, euskara elkartearentzat garrantzitsua da urtean antolatzen dituzten bi jaialdiei eustea. "Hainbat auzotan antolatzen diren saioez gainera, uste dugu Arrasateko bertsozaleei zor diegula horrelako jaialdiak ere eskaintzea. Bertsozale gazteak erakartzeko apustua egin dugu, eta horregatik saioa bezperan egiteko erabakia. Izen handiak batu gura izan ditugu eta adituen gomendioekin osatu dugu kartela. Iguaran izan ezik, gainontzeko guztiak aurrez Arrasaten izandakoak dira".