Jarraian Arrasateko Emakumeen Mundu Martxako kideek bidalitako oharra, osorik:
"Arrasateko Emakumeen Mundu Martxa (EMM) Plataformako kideok beste bultzada bat emango diogu ALDE dinamikari, Santamas festak eta Gabon garaiko ospakizunak ate joka ditugun honetan.
Izan ere, jarrera matxistak noiznahi eta nonahi ikusten ditugun arren, ondotxo dakigu areagotu egiten direla jai giroko testuinguruetan.
Hala, EMMtik dei berezia luzatzen dizuegu arrasatear guzti guztiei: Herriko tabernatan topatuko dituzuen ALDE txartel bana hartzera. Eta, edozelako portaera matxistarik jasan edo ikusiz gero aktiboki erabiltzera, irmotasunez eta beldurrik gabe erakutsiz.
Kitzikan sexu askapenerako taldeak eta Pottogorriek ere bat egiten dute deialdi honekin.
Jendarte parekide eta osasuntsu batean bizi gura badugu, kolektiboki, herri gisa, erantzun behar diogulako indarkeria matxistari. Eta horretarako, hain justu, sortu eta plazaratzen dugu ALDE txartela. Jaiak ere guztionak izatearen ALDE gaudela adierazteko eta hori eragozten duten jarrera eta eraso matxistei ALDE esateko. Bai guk, bai inguruko edonork, jasanez gero. Giro onaren eta ligoteo sanoaren ALDE gaudelako eta tabernetako olagarroei ALDE esango diegulako.
Gutako bakar batek beldurra pasatzen duen artean, gutako bakar baten eskubideak urratzen diren artean, gu guztion ardura delako erantzutea.
ALDE ekimena ez da Urte berriko biharamunarekin bukatuko, denbora beharko dugulako sistema heteropatriarkal honetan indarkeria matxista errotik erausteko. Hortaz, oraingoan jaien testuinguruan jendarteratu dugunez, gure asmoa da hurrengo aste eta hilabeteetan beste esparru batzuetara zabaltzea. Hala nola, ikastetxeak, komertzioak, eragile sozialak eta kultur zein kirol elkarteak.
Tratu onak eta jarrera positiboak gailenduko diren arte, martxan jarraituko dugulako!"