Besaideko mendizaleak ederto ibili dira uraren bidetik

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko abe. 12a, 15:40

Besaide Mendizale Elkarteko beteranoek mendi buelta ederra egin zuten atzo. 36 lagun elkartu ziren Oñatiko parajeetan barrena uraren bidea egiteko: "Sei orduko ibilalditxoa, gure nahietara moldatutako uraren bidea, non ura protagonista den uneoro, bere garrantziaz jabe gaitezen".

Jarraian, Besaide elkarteko Sergio Serranok idatzitako kronika:

"07:50ean Arrikrutzeko aparkalekutik abiatuta, oraindik ilun, estraperloan ibili zirenen zirrara berdina sentituz, aldapan gora hasi ginen Aitzuloko mendatetik lepoa irabazi nahian. 50 minutuko igoera nekeza da, baina gora igo ahala argituz joan zen eguna eta bertatik dauden panoramikek nekea arindu ziguten. Behin lepoan, jaitsiera samurra sastraken artetik Aitzuloko sarreraraino.

Aitzulon argazkiak atera, egarria arintzeko zurrutada hartu eta berriz bidean ginen Orkatzategirantz. Hamarretakoa egiteko Orkatzategiko tontorrean (874 metro) ginen denok, 36 lagun. Indarberrituta, Ugastegiko Santikrutz baselizaraino jaitsi ginen: leku estrategikoa Araotz auzo ederraz gozatzeko. Gertu geratzen den Txirikilaleku gaina zapaldu ostean, hizketan-hizketan, Ugastegiko ur-kanalari jarraituz, Aitzgaineko urtegiraino iritsi ginen. Aitzgainetik bertatik, amildegian behera, Urrexola garaiko Bañuetxe aspaldiko balneario edo bainuetxera iritsi ginen. Garai hartako bainuontziak oraindik ere eraikuntzaren kanpoko aldean ikusgai daude denbora igaro izanaren testigu mutu bailiran.

Urrexola garai atzean utzita, ura bideratzeko hodiei jarraituta, Olateko argindarra sortzeko zentraleraino jaitsi ginen. Bertatik, Artixa errekan gora, errota zaharra pasatuz, Potorrosin deituriko ur-putzu naturala bisitatu genuen, Oñatik daukan altxor ezkutuetako bat, denon gozamenerako eta denok zaindu beharrekoa. Laster batean Arrikrutzeko aparkalekuan ginen berriz ere. Sei orduko ibilalditxoa, gure nahietara moldatutako uraren bidea, non ura protagonista den uneoro, bere garrantziaz jabe gaitezen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak