Iñigo Uribarrenek (Real Sociedad) sari potoloena jaso zuen Musikenen egindako jaialdian, urteko atleta onena izendatu zuten-eta. Uribarrenekin batera, gazte onenaren saria eman zioten Eneko Carrascal (Arrasate Atletiko) atletari. Horrenbestez, bi arrasatear izan ziren atleta nabarmenen artean. Uribarrenek ez du nolanahiko urtea egin, salto hirukoitzean 16,13ko marka egitera iritsi da-eta. Carrascal ere modalitate horretan nabarmendu da gehien –uzera jauzia ere egiten dute biek– eta 14,94 metrotako marka ikusgarria da duen adinerako.
Gainera, aurtengoa oso edizio berezia izan da, federazioak berak 100 urte betetzen dituelako. Hala, ekitaldian izan zen IAAFko zuzendari Lord Sebastian Coe –atleta handia izan zen distantzia ertainean, eta hain justu, 1977an lortu zuen bere lehen garaipena, Anoetako belodromoan 800 metroko lasterketa irabazi zuen-eta, Europako txapeldun bilakatuz– eta Sebastian Coerekin batera Espainiako Atletismo Federazioko presidente Raul Chapado ere jaialdian izan zen.
Arrasateko atletendako ohorea izan zen sari horiek Luis Felipe Areta moduko atleta batekin partekatzea. Izan ere, federazioak salto hirukoitzean erabateko erreferente izan den gizona saritu zuten, 100 urte hauetako atleta gipuzkoar onena moduan.
Eta atletismoaren jaialdian beste aipamen berezi bat ere egin zuten, urte hauetan guztietan Gipuzkoako atletismoaren alde egindako lana aitortu ziotelako Fernando Zufiria entrenatzaile beteranoari.