"Liga hastean, ez genuen espero lider egoterik"

Xabier Urtzelai 2016ko abe. 9a, 17:00

Mondrate areto futbol taldeak pare bat denboraldi behar izan ditu Gipuzkoako Txapelketako maila gorenera iristeko, eta, ligako hamaika jardunaldi jokatuta, arrasatearrak lider daude: "Talde moduan hobeto jokatzea falta zaigu".

Mondrate taldea 2013-2014 denboraldian sortu zuten, aparteko asmo handi barik: "Areto futbolean jokatu gura genuen, lagun artean", dio Jonathan Rasok: "Ez genuen aparteko anbiziorik, eta hasieran koadrilakoek osatzen genuen taldea". Areto futbolak Arrasaten zuen hutsunea bete dute, harrobia lantzeko infantil eta kadete mailetako taldeak sortu dituzte, udako campusak egiten dituzte eta lehenengo taldea birritan igo dute mailaz: "Lagun talde bat izaten jarraitzen dugu, baina jada ez gara koadrilakoak bakarrik; areto futbolean jokatu gura duen edonork zabal-zabalik ditu ateak".  

Pauso bat aurrera eman dute 

Iaz zazpigarren postuan amaitu zuten liga, play-off postuetatik 8 puntura. Igo berriak ziren, eta kategoriara moldatzeko urtea izan zen. Aurten, berriz, beste aurrerapauso bat eman dute; oraingoz, hamaika jardunaldi jokatu dituzte, eta bakarrak dira zortzi garaipen eskuratu dituztenak;  Gipuzkoako Txapelketan agintzen du talde mondragoetarrak: "Liga hasterakoan ez genuen espero horren ondo ibiltzea, baina partiduek aurrera egin ahala gora egin dugu, eta hor eustea da asmoa". Asteburuan 5-1 irabazi zioten Jaixkiri –erretratuan partiduaren une bat–, eta, oraingo asteburuan atseden hartu ostean, datorren astean Lasarten izango dute hitzordua. 

'Playoff'-ak helburu 

Talde arrasatearrak zehaztu du dagoeneko urteko helburua zein izan behar den: "Lehenengo lau taldeen artean sailkatu behar gara. Horrek play-off-a jokatzeko aukera emango liguke. Eta komeni da lehenengo edo bigarren sailkatzea, hirugarren eta laugarren sailkatzen direnen kontra jokatu beharreko kanporaketa partidua etxean jokatzeko eskubidea ematen duelako horrek. Hala, lehenengo sailkatuta laugarrenaren kontra jokatuko genuke partidu erabakigarria, eta etxean jokatzea abantaila handia da".  

Horiek, baina, maiatzeko kontuak dira, hamabost jardunaldi geratzen dira oraindik eta 45 puntu asko dira: "Hau oso luzea da, eta eustea da kontua. Uste dut kontrario gogor batzuen kontra jada jokatu dugula, baina beste batzuk geratzen dira. Eta garrantzitsua izango da liga amaierara indartsu iristea, igoera fasean sasoian egoteko". 

Euskadiko Txapelketa, urrun 

Helburua lortuta arrasatearrek Euskadiko Txapelketa izango lukete zain, hau da, UDA Aretxabaleta eta Eskoriatza dauden kategoria: "Gauza ederra izango litzateke bertara ailegatzea, baina orain ez dugu hori buruan. Gainera, kategoria horretara igotzeko ekonomikoki ere esfortzu handiagoa egin behar da". Pausoz pauso joango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak