Otalora Lizentziaduna eta Olarte kale arteko eskailera pasabideko paretak baditu dagoeneko 6 margotze proposamen desberdin. Horiek guztiak Arrasateko MuralArt taldeak aurkeztu ditu eta orain arrasatearrei dagokie guztien artean gustukoena dutena bozkatzea.
Horretarako, abenduaren 12tik 17ra bitartean (azken hau barne), herrian erroldatuta eta adinez nagusia den arrasatear orok BAZen eta udal webgunean bozkatu ahal izango du, betiere, NAN/AIZ zenbakiarekin izena emanez. Bozka gehien jasotzen dituen proposamena izango da MuralArt taldeak aipatutako eremuan margotuko duen irudia.
Margotze lanek 2.305€ko aurrekontua izango dute eta 2016a amaitu baino lehen hasi eta urtarrila bukaera edo otsaila hasiera bitarte luzatuko dira.
Ekimen honen bitartez Udalaren helburua da "herriko muralisten lana eta esfortzua balioan jartzea". Era berean etorkizunera begira "Arrasate hobetu eta herri atseginago eta erakargarriagoa bilakatzeko haiekin elkarlanean proiektu gehiago" garatuko dituela adierazi du eta hori betetze aldera diru partida bat jaso du 2017ko udal aurrekontuetan.