Arrasate Musikaleko bandak eta txistulariek lagun eginda Batzen dantzara deitu zituzten arrasatearrak eta talde polita osatu zuten. Kalejira egin zuten Seber Altube, Biteri eta Maalan zehar eta ondoren, Portaloi taldearen konpainian hainbat kantu abestu zituzten. Bereziki garrantzitsua zen deitzaileendako herritarrak ipintzea Euskararen Eguneko aldarrikapen eta ospakizun ekitaldien erdigunean.
Ospakizunerako arrazoi berezia ere bazuten aurten Arrasatearrek. Azken asteotan martxan izandako Baietz 1.000 kanpaina bere onera iritsi da. Lortu dute Arrasaten 1000 lagunen konpromisoa herriko komertzioetan euskaraz egiteko. Hala, erronka bete dela irudikatzeko ekitaldi berezia egin zuten Euskararen Egunean herriko plazan Pauso bat aurrera, mila pauso! leloarekin.
Dantzarekin eman zioten amaiera Euskararen Eguneko ekitaldiei Arrasaten. Soka Dantza egin zuten euskalgintzako hainbat ordezkarik eta merkatarik. Modu horretan irudikatu zuten elkarri euskara elkarri emateko gertu daudela. Merkataritzaren munduarekin lotuta egin dute kanpaina aurten Arrasaten, baina ez dituzte gainerako esparruak kanpoan utzi nahi.