Bailarako gaztagileen lana ezagutzen

Maite Txintxurreta 2016ko abe. 2a, 10:18

Etxezuri, Pikunieta, Egotza eta Kerixara gaztak dastatu zituzten atzokoan, dendan salgai dituztenak, hain zuzen. Hurrenez hurren, Aretxabaletatik, Antzuolatik, Soraluzetik eta Aramaioko Oleta auzotik etorri ziren ekoizleak.

Etxezuriko, Pikunietako eta Kerixarako gaztak Idiazabal izendapeneko ardi gaztak dira, eta Pikunietakoen kasuan, berriki ekoizten hasi diren Ossau-Irati erako gazta ere ekarri zuten probatzeko. Soraluzeko Egotza baserrian, berriz, ahuntz gazta ekoizten dute.

Bakoitzak bere etxean gazta egiteko darabilen prozesua azaldu zuen lehenbizi, eta bitartean ikusleek produktua dastatu ahal izan zuten. Hogei pertsonatik gora batu zen lokalean.

Ekoizleek bertako baliabideekin eta jarraibide "etikoekin" lan egitearen garrantzia azpimarratu zuten. Esaterako, Antzuolako Pikunieta baserrian gazta ekologikoa egiten dute, eta bertako Josebe Blancok azpimarratu du garrantzitsua dela jaten duguna nondik datorren ezagutzea. Hori dela eta, ekimen interesgarria iruditu zaio gazta dastaketarena: "Gure gazta jaten duen jendearengana iristea interesgarria egiten zaigu, jakin dezaten gazta horien atzean zer dagoen eta zeintzuk gauden. Izan ere, ziurrenik guk baino hobeto ez ditu inork azalduko gazta horien berezitasunak. Horrez gain, halako ekimenak baliagarriak dira jendearen iritzia jasotzeko ere".

Jon Murgiondo berriz, Aretxabaletako Etxezuri baserriko gaztagilea da, eta Idiazabal gazta egiten du bertan. Bera ere bat dator Josebe Blancorekin, eta iruditzen zaio "garrantzitsua" dela jendeak jakitea beraien gazta "nondik datorren eta nola egiten den". "Nik uste dut garrantzitsua dela ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko elkarlana, eta gune honek baliagarriak dira elkarren berri izateko eta guztiok gauzak hobeto egiteko", dio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak