Bob Dylanen 100 kantako sorta bat itzultzea, aurtengo Jokin Zaitegi sariketaren helburua

Josu Bilbao Atxutegi 2016ko aza. 28a, 09:32
Bob Dylanen disko batzuen azalak.

Musikari estatubatuarrak jasoko du aurten Nobel Saria, eta horregatik, Dylanen 100 kantako sorta bat itzultzea izango da Jokin Zaitegi bekaren helburua.

Arrasateko AED elkarteak eta Elkar argitaletxeak, Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin, Jokin Zaitegi arrasatear idazlea gogoratzeko eta hark literatura unibertsala euskaratzen egindako ahaleginari jarraitzeko, Jokin Zaitegi Sariketa antolatzen dute, aurtengo Literaturako Nobel saridunaren lana itzultzeko erabiliko dena, ondorengo oinarrien arabera:

1. 2016an Suediako Akademiak Bob Dylan kantagile iparramerikarrari eman dio Literaturako Nobel Saria, eta Jokin Zaitegi Sariketa honen helburua Bob Dylanen 100 kantako sorta bat itzultzea da.

2. Bilduma hori itzultzeko gogoa eta gaitasuna dituen edonork har dezake parte lehiaketa honetan. Horretarako, antolatzaileek proposatutako hiru kanta hautatuak euskaratu beharko ditu, eta egindako lana AED elkartera bidali: aed@aedelkartea.eus helbidera. Dokumentu bi igorri behar dira mezuaren barruan: batean, itzulpena bera aurkeztuko da, ezizen batekin; bestean, ezizen horren ostean dagoen egilea nor den azalduko da, harremanetan jartzeko moduarekin batera. Lanak aurkezteko epea 2017ko urtarrilaren 9an amaituko da.

3. Itzuli beharreko testuak antolatzaileek jarriko dituzte parte-hartzaileen esku. Testuak Internet bidez lor litezke, ondoko helbide honetan: www.elkarargitaletxea.com/jokinzaitegi

4. Jon Basagurenek, Maialen Berasategik eta Iñigo Roquek osatutako epaimahaiak, jasotako itzulpenak aztertu eta haietako bat izendatuko du irabazle 2017ko urtarrilaren amaiera baino lehen.

5. Aurkeztutako lanek aski kalitaterik ez balute, saria hutsik utzi ahalko da. Kasu horretan, antolatzaileek aukera izango lukete itzulpen hori enkarguz norbaiti eskatzeko, bekako diru-kopuruaren truke.

6. Irabazleak 2.000 euroko saria irabaziko du Bon Dylanen kantak itzultzeko: diru erdia jakinarazpena egitean jasoko du, eta beste erdia lan amaitua entregatu ostean. Lan amaitua 2017ko urriaren 30a baino lehen entregatu beharko du Elkar argitaletxean. Epeak beteko ez balira, edo itzulpenaren kalitatea nabarmen txarra balitz (epaimahaiaren iritziz betiere), sariaren bigarren zatia jaso ez eta lehena itzuli egin beharko luke irabazleak.

7. Elkar etxeak –eskubideak aurrez eskuratuta– argitaratuko ditu Bob Dylanen kantak euskaraz, eta 2017ko Durangoko Azoka izango da hori egiteko epemuga. Ale guztietan nabarmen aipatuko da Jokin Zaitegi saria, baita itzultzailearen izena ere, zeinak ez baitu galduko bere lanaren gaineko jabetza.

8. Sariketa honetan parte hartzeak bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Berauen ulermenean zalantzarik sortuko balitz, antolatzaileei dagokie erabakitzea.

Harremanetarako:

liburuak@elkar.com 943310267

aed@aedelkartea.eus 943771228

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak