Partidu lehiatua eta borrokatua izan da Mondrak eta Hondarribiak Mojategin jokatu dutena, trabatua ere bai tarteka: "Eurak ere beharra zuten", zioen Josu Zubiak. Mondrak azken hiru lehiak zituen galduak.
Baloiarekin hobeto moldatu da Mondra, batez ere bigarren zatian. Lehen gola, ordea, lehenengoan iritsi da, jokoan ordu erdi zeramatela. Atsedenaldia baino lehen izan dute kanpokoek berdinketarako aukera aparta, bi jokalari bi jokalariren aurka geratu dira, baina etxekoen atezainak atera du baloia.
Neurketa amaitzeko hogei minuturen faltan egin du bigarrena Mondrak. Bai Santxoren aurrenekoa eta baita Erañaren bigarrena ere ondo landutako jokaldietan iritsi dira.
Arrasatearren entrenatzailea penaz zen garaipenaren zapore gozoa neurketaren amaiera aldeko gertakariek mikaztu dutelako. Hondarribiko jokalari batek etxekoen aulkitxoan zen Uribarren zapaldu du nahita baloiaren bila joaterakoan; Uribarrenek epaileari protesta egin eta bera egotzi du: "Halakorik ez zen pasatuko lehenengo zatian gertatutakoak epaileak garaiz moztu izan balitu", zioen Zubiak. Kanpokoek gehiegizko gogorkeriaz jardun dutela salatu du entrenatzaileak.
Datorren astean Aretxabaletaren kontra jokatuko du Mondrak, derbia, berriz ere etxean, bi taldeak sailkapeneko goiko ostuetan direla.