Alfontso VIII. kalea egokitzeko lanak uztailaren 11n hasi ziren eta aurrera eramandako lanen artean ibilgailuen abiadura murrizteko errepidea estutu, oinezkoentzako espaloiak zabaldu, zerbitzu sareak berritu, aparkaleku berriak doitu eta zuhaitz zein berdegune berriak ezarri dira, besteak beste.
Horiek horrela, lau hilabeteren ostean, Udalak amaitutzat eman ditu antzinako GI-2620 errepidearen zeharbidea berrurbanizatzeko G faseko lan horiek eta eremu hau azkenik zabalik gelditu da oinezko zein ibilgailuentzat, nahiz eta oraindik lorezaintza eta azken xehetasun txiki batzuk amaitzeke dauden. Halaber, Udalak obra horien azken kopurua zehazteko badu ere, orain arte 302.178 euroko kostua izan dutela ziurtatu du.
Beste zazpi fase
Takolo-Goiru proiektuak guztira bederatzi fase aurreikusten ditu eta egokitzapen lan guztiekin eremu hau herritartzea da Udalaren helburu nagusia, betiere, oinezkoak eta bizikletak lehenetsiz. "Horretarako trafiko astuna desbideratu, ibilgailu motordunen abiadura murriztu eta oinezko zein bizikletentzat espazioak berreskuratzeko ahalegin berezia egingo du, herri irisgarriagoa, osasuntsuagoa eta atseginagoa eraikitzeko", adierazi dute.