Kulturateko klaustroak Arrasate Margo taldearen pintura erakusketa jasoko du. Gaur 19:00ean inaugurazio ekitaldi xumea egingo da, eta hortik aurrera, abenduaren 21 arte, astelehena eta zapatua bitartean bisitatu ahal izango da erakusketa.
22 margolari
Guztira, generazio ezberdinetako 22 margolariren lanak egongo dira ikusgai. Margo taldeko lehendakaria den Tano Rivasen esanetan, lanak ikusgai izango dituzten margolari guztiak elkartearen parte dira. Hala ere, badago salbuespen bat, izan ere, Xeli Mendizabal margolari esperientziadunak iaz utzi zion elkarteko kide izateari. "Pertsona hori margo taldea sortu zenetik egon da elkartean, eta orain, mago taldearen ohorezko kidea da", adierazi du.
Teknika eta estilo ezberdinak
Erakusketarako, margolariek 4-5 lan inguruko hautaketa egin dute, teknika eta estilo ezberdinak oinarri harturik. Ribasek azaldu du bakoitzak panel antzeko bat izango duela bere lanak bertan erakusgai jartzeko, hortaz, kopurua margolanek daukaten tamainaren araberakoa izango da.
Margolanen estiloei dagokionean, hauek ugariak izango dira, horien artean, natura hila, erretratuak edota errealismoa lantzen dituzten lanak aurkituz. Teknika aldetik, berriz, arkatzak, akuarelak, olio-pinturak eta margo akrilikoak erabili dira. Honen harira, Rivasek esan du margolari bakoitzak “bere ukitu pertsonala” uzten duela pinturetan.
Bihar inaugurazioa
Biharko inaugurazioan, Arrasate Margo Taldeko kideek erakusketaren aurkezpen txiki bat egingo dute, ikusiko diren lanen gaineko gaineko zergatiak eta nondik-norakoak azalduz. Gerturatzen diren herritarrentzat lunch-a egongo da.