Atzo egin zuten Arrasaten, XXIV. Debagoieneko Jardunaldi Gastronomikoen baitan eta Arrasateko udalarekin elkarlanean, ibarreko II. Postre lehiaketa. iazkoarekin alderatuta egon da aldaketarik, izan ere aurten profesionalek ezin izan dute parte hartu, eta ondorioz, lehiakide gutxiago izan dira; denera, sei.
Antolatzaileen esanetan denek ere maila polita erakutsi zuten, baina Aicha Elkaoumek egindako postrea aukeratu zuten epaimahaikoek irabazle. Elaborazio handikoa eta postre arabiarrekin gertatu ohi den moduan zaporez oso gozoa, lore itxura eman zion Elkaoumek. Bigarren saria Maria Jesus Ayuso aretxabaletarrarentzat izan zen, gaztainak oinarri hartuta egindako postreagatik. gazteen mailan talde bakarra izan zen, eta beraientzat izan zen saria.
Datorren urtera begira, eta profesionalek hala eskatuta, profesionalei ere keinu bat egiteko asmoa adierazi dute antolatzaileek.
Azokan, Arabako produktuak
Hileko Arrasateko baserritarren azokaren barruan izan zen lehiaketa, eta horrek giro polita jarri zuen azokan ere. Hamalau postu egon ziren denera, tartean, Arabako Lautadako Landa Garapeneko Elkarteak lehenengo aldiz jarritakoa. Aurrerantzean tarteka etortzeko asmoa dute arabarrek, beraien eskualdeko produktuak ezagutarazteko.