Astelehenean burutu zuten ekintza, ordubeteko klasea hartu zuten euskaraz, hastapeneko harremanak egin, nork bere burua aurkeztu, nongoa den, zer gustatzen zaion... "Klase praktiko eta dinamikoen premia bertatik bertara ikusteko baliagarria izatea zen helburua, eta jolasean ere aritu ziren, oso gustura gainera", azaldu dute Arrasateko AEKtik.
"Metodologia eta didaktikari begira, klaseetan gustura egotea, ondo pasatzea eta ikasten dena erabilgarria eta komunikazio praktikoari begirakoa izan behar duela azaldu zaie; haiek bere komunitateetan horrelako lanak egiteko helburua daukate eta. Bestalde, ordezkari bik klase erreal bat ere behatu dute asteon, dinamika eta metodologia bera hobeto ikusteko eta ezagutzeko", aipatu dute.
Aurrera begira, materialaren inguruan ere jarduteko asmoa dute AEKrekin, klaseetan erabiltzen den material didaktikoaren inguruan. 18 ordezkariek esan dutenez "gogoz" daude haien hizkuntzen normalizazioa erdiesteko, "asko dute ikasteko" eta lan horretan laguntza izatea benetan eskertu dute. AEKideek ere, "haien ilusioa eta gogoa ikusita, indarberrituta" atera direla esan dute eta parte hartuko dute hilaren 23an Aretxabaletan Garabidek egingo duen ekitaldian.