Pozik jaso dute jokalariek albuma Biterin egindako ekitaldian eta baita lehen kromoak itsasten hasi ere. "Niri dagoeneko tokatu zait nire kromoa eta itsatsi du", zioen batek; "ba, niri nire arrebarena", besteak. Eta jokalarien ilusioaren parekoa zen gurasoena. Nork esango zien euren seme-alabak album baten izango zituztela.
Ointxe saskibaloi taldearen historia jasotzen du albumak lehen orrialdeetan eta segidan datoz 22 taldeak, EBA mailako taldetik hasi eta gazteenera arte. Talde bakoitzak bi orrialde ditu eta, bertan, jokalari bakoitzaren eta entrenatzailearen argazkia jasotzeaz gain, talde argazkia ere badago.
Kromo paketea euro baten
Baina albumak badu beste ezagutarri bat ere, pertsonalizatuak dira, hau da, jokalari bakoitzari eman dioten albumak bere argazkia du azalean. Hala ere, antolakuntzatik aurreratu dutenez, pertsonalizatu gabekoak ere badira. Ehun bat atera dituzte eta eskuragarri daude kromoekin batera, honako denda hauetan: Arrasaten, Musakola auzoko estankoan, Ion eta Tiburon estankoetan, Irri Barri, Kukurutxo, Gozotegi, Sumendi eta Estrella zein Julivert tabernetan; Aretxabaletan, berriz, Arkupe eta Urkulu gozoki-dendetan. Albuma doan eskuratu ahalko da, eta pakete bakoitzak euro bakarreko prezioa izango du, bertan 6 edo 7 kromorekin pakete bakoitza..
2017an 50. urteurrena
2017an 50 urte beteko ditu Arrasateko Ointxe saskibaloi taldeak eta urteurren berezia ospatzen hasteko zenbait jokalarien gurasoen artean sortutako ideia izan da kromo bildumarena. Ekimen aitzindaria, gainera, Gipuzkoako saskibaloi taldeen artean eta klub zuri-moreko Zuzendaritza Batzordearen oniritzia izan duena.