Tokikom jardunaldiak

Francesc Fabregas: "Eskualdeak osatzen dituzten guztiez hitz egitea da helburua"

Josu Bilbao Atxutegi 2016ko aza. 14a, 11:29

Associacio Catalana de Premsa Comarcal elkarteko presidentea da Francesc Fabregas. Gainera, El Vallenc taldeko presidentea ere bada. Taldeak El Vallenc, Nova Conca, L’Opcio Alt Camp eta L’Opcio Baix Penedes astekariak eta elvallenc.cat, novaconca.cat, eltravesser.cat eta lopcio.cat agerkari digitalak ere argitaratzen ditu.

Zer da Premsa Comarcal (ACPC) eta nola funtzionatzen du?

Associacio Catalana de Premsa Comarcal (ACPC) 1980an jaio zen, publikazio batzuek helburu argi batekin entitatea sortzea erabaki zuten unean. Talde moduan indartzea, eta, oinarrian, erakunde publikoen eta pribatuen aitorpena jasotzea. Katalunia betidanik tradizio handikoa eta emankorra izan da eskualdeko eta tokiko prentsari dagokionez. Hau da, gertukoenaren informazioa ematen dutenak eta beste hedabideetan oharkabean igarotzen diren ekitaldiak albiste mailan jartzen dituenak. Premsa Comarcal (ACPC) irabazi-asmorik gabeko elkartea da. Bere baitan, katalanez idatzitako ordainpeko informazio orokorreko paperezko formatua duten Kataluniako eskualdeetako eta tokiko prentsako ia enpresa eta editore guztiak biltzen ditu. Egunero kaleratzen direnak, astekariak, astean bi aldikoak, hamabostekariak, hilabetekariak eta hiruhilekoak. Medio digitaletako editoreak ere biltzen ditu. Premsa Comarcalek, gainera, Creu de Sant Jordi saria jaso zuen 2006an, eta Premi Nacional de Comunicacio 2013an. Urte hauetan Catalunya Radion eta TV3n promozio kanpainak egin ditugu. Elkarteko alde garrantzitsu bat, eta, zalantzarik gabe, gure kideek gehien baloratzen dutena, publizitatearen komertzializazio bateratua da, elkartean dauden medioetarako kanpainak sortzeko eta kudeatzeko, eta bezero pribatuekin eta instituzionalekin solaskide bakar baten moduan jokatzeko. Formaziorako eta batzartzeko gune multimediak dituen instalazio modernoak ditugu... Noski, Interneteko sarrerarekin. Gainera, Premsa Comarcalen kide diren kazetariek identifikaziorako txartel bat dute. Astero, bazkideei Mon editorial izena daraman newsletter bat bidaltzen diegu, beste bat lan munduarekin lotura duena, eta azken bat, maila fiskalekoa. Urtero, Premsa Comarcaleko liburu zuria egiten dugu, gure kolektiboaren egoeraren erradiografia bat egiten duen sektore ikerketa bat, hain zuzen ere. Gainera, Kataluniako herrialdeen mailan, Komunikazio Zientzien Fakultateko ikasleei, irakasleei eta ikertzaileei zuzendutako unibertsitate ikerketako sariak sortu ditugu. iQuiosc plataforma digitalean ere bagaude, Internet bidez kideak diren publikazioak komertzializatzeko helburuarekin.

35 urte bete ditu ACPCk bere ibilbideko emaitzarik onenekin... Zuk zeuk ze interpretazio egiten duzu?

Emaitza hauek duela urte batzuk enpresa handien eta erakundeen publizitatearen inguruan jarraitu behar genuen bidearen gainean egin genuen merkatu-ikerketa bati esker lortu dira. Gure elkarteak 132 publikazio ditu, eta ezinezkoa zen publizitatea horiendako guztiendako saltzea. Gakoa eta emaitza onak guneen eta aldizkakotasunaren araberako publizitate paketeak egiten hasi garenean heldu direla esan daiteke.

Nolakoak izan dira 35 urte hauek?

Zailak. Gure lehenengo helburua hizkuntza normalizazioa izan zen. Gure aitonen eta amonen eta gurasoen hizkuntzan irakurleei albisteak kontatzea, hain zuzen ere. Gure elkartea aitzindaria izan zen bide hau irekitzen. Gero, orotariko hedabideak, diru laguntzek eta interes ekonomikoek bultzatuta, gure iniziatibara gehitu dira. Premsa Comarcalek gure hizkuntza eta kultura defendatzeko egin zuela da alde nagusia. Urte hauetan denetarik izan dugu: une gogorrak eta onak baita ere. Hala ere, 35 urteren ostean oraindik gauza elementalen alde borrokatzen jarraitu behar dugu, erakundeetatik ez delako berdin baloratzen tokiko edo eskualdeko hedabide bat, orotariko hedabide batekin alderatuta, nahiz eta biek difusio bera izan. Horrela, hiriburuetako irakurleak lehen mailako irakurleak dira, eta eskualdeetako irakurleek ez dute tratu bera jasotzen, publizitateri edota diru laguntzei dagokienez, batez ere.

Zeintzuk dira gaur egun ACPC elkartearen helburuak?

Etorkizunari begira plan estrategiko bat gauzatzeko lanean gaude, eta hori izango da gure helburu nagusia. Hortik aurrera, ibili beharko dugun bidea markatu beharko dugu, betiere, hiru helburutan oinarrituta: gure argitaletxeendako publizitatea, gure bazkideen interesen defentsa eta kide diren argitaletxe enpresetako langileentzako formazioa.

El Vallenc taldeko presidentea ere zara. Zer da El Vallenc?

El Vallenc zortzi publikazio biltzen dituen argitaletxe enpresa da. Horietatik lau paperekoak (bi ordainpekoak eta bi doan) eta lau digitalak dira. Zortzi publikazio hauetatik lehena da El Vallenc, eta duela 28 urte sortu zen helburu argi batekin: Alt Camp eskualdean sortzen diren kultura, kirol, gizarte, politika... ekintza guztiei ahotsa ematea. Bost urte geroago Nova Conca jaio zen, Conca de Barbera eskualdeko astekaria. Urte batzuk geroago, doako prentsaren gorakadarekin, guri konpetentzia egitea erabaki genuen, bi publikazio berri sortuta: L’Opcio izenpean, bat Alt Camp eskualderako eta beste bat Baix Penedes eskualderako. Bi publikazio hauek doan banatzen dira etxe guztietako postontzietan. Mundu digitalaren leherketan, teknologia berrien alboan egon behar genuela erabaki genuen. Aurrena elvallenc.cat jaio zen. Ondoren novaconca.cat, lopcio.cat eta, azkenik, eltravesser.cat. Azken hau Hirugarren Mailako eta maila erregionaletako futbolaren gainean jarduten duen webgunea da, eta Katalunian maila hauetan jokatzen diren partida guztiak jasotzen ditu. Publikazio hauek Facebook eta Twitter moduko sare sozialetan ere presentzia dute.

Nola lortzen duzue 120 orrialdeko astekari bat kaleratzea?

Kualifikazio handia duten eta gure publikazioarekin oso identifikatuta sentitzen diren langileekin, urte askoko esperientziarekin, informazio iturri onekin eta kolaboratzaile ugarirekin. Gure publikazioen helburua eskualdean izaten diren mota guztietako ekitaldiak jasotzea da. Hasieratik gure irakurleak gure publikazioekin oso identifikatuta sentitzea nahi izan dugu. Horregatik, egin dugun azkenengo promozio kanpainan, gure eslogana Escoltem, canviem, millorem (entzuten dugu, aldatzen dugu eta gero hobetzen dugu) eta Parlem de tu (zutaz hitz egiten dugu) izan dira. Azken finean, gure helburua da: gure eskualdea osatzen duten pertsona guztiez berba egitea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak