Tokikom jardunaldiak

Jon Sarasuaren hausnarketa: Hedabideen oin instituzionalaz (fragmentua)

Josu Bilbao Atxutegi 2016ko aza. 14a, 10:30

Toki Komunikabideak euskararen transmisioaren katean. Jon Sarasua Huheziko irakasleak eta idazleak Tokikom jardunaldietan egindako hausnarketa.

“Etorkizuneko gizarteei buruzko galdera da: norenak izan behar dute hedabideek? Ideietan eragina duten artefaktuon atzean ze botere-egitura nahi dugu? Estatua edo administrazio publikoa izan liteke bat, hori da hedabide publikoen kasua. Enpresa-talde handiak izan litezke, beste kasu askotan. Bulkada lukratiborik gabeko gizarte antolatua izan liteke 3. aukera, eta hau da euskarazko hedabide askoren kasua. Baina hirugarren multzo hau zaku zabala da.

Gizarte antolatuaren zaku zabalean, eite desberdineko  erakundeak daude euskarazko hedabideen atzean. Pertsona multzo txiki eta engaiatu bat izan liteke jabe. Horrek zalutasuna eta independentzia izan ditzake abantaila. Enpresa eta pertsona-multzo hedatu batek jarritako kapitalak osatutako erakundea izan liteke. Egituraren tamaina izan dezake abantaila. Badira fundazioak ere, badira elkarteak, badira elkartutako enpresa-taldeek sortutako egitasmoak. Tokian hedabideek egitura instituzional aipagarria sortu dute kasu batzuetan: oinarri zabal eta transbertsaleko oin instituzionala. Goienak, adibidez, hiru jabe mota konbinatzen ditu bere botere egituran: bailarako euskara elkarteak, hedabideko langileak eta bailarako udalak. Langileen, elkarte zibilen eta erakunde publiko lokalen arteko egitura partekatua da, ko-gestioa deituko genukeena. Publikotasuna ulertzeko modu bat. Beste formula batzuk ere badira tokiko egitura zibil eta transbertsalak sortzeko.

Tokikotasun horretan, botere-egitura tokikoa izateak baditu onura batzuk. Euskararen komunitatearen ahultasun guztien artean, etorkizunera begira oin instituzionalean izan dezakegu indargune apurretakoa: herri eta bailaretan sustraitutako egitura zibil barreiatuek hainbat abantaila eskain ditzakete.

Horrek ez du estaltzen nazio mailako hedabideen beharra. Pista batzuk ematen ditu, beharbada, haien etorkizuneko egiturak pentsatzeko. Eskualde batzuetan gai izan dira egitura instituzional partekatu hauen bokazio transbertsalari eusteko, sentsibilitate politiko-alderdikoi jakin batzuen grabitate indarra gaindituta. Nazio mailakoetan aurreratuko ote da bide horretan?

Hiztun komunitatearen erdigunea trinkotu eta sareztatzeak arrazoitu badezake euskarazko prentsaren garrantzia… orduan zaila da justifikatzea prentsa horrek alderdi-politikan sektore baten alde jokatzea. Izan ere, hiztun komunitatea trinkotu edo sareztatzeko funtzioa betetzekotan, uko egin behar zaio funtzio hori joera politiko-alderdikoi baten alde erabiltzeari, erabilera hori lausoki eta zeharka soilik egingo balitz ere. Gai horretan korapilo lodia dago euskal prentsan gaur egun.

Zabaltasunaren kontzeptuak tranpa dauka, eta hedabide independiente hitza gastatua dago. Galdera beste modu batean planteatu behar da. Sentsibilitate politiko baten agenda neurri handian erreproduzituko ez duen gizarte-ekimeneko euskarazko hedabide bat egin liteke? Gure herriko bloke politikoen erosotasuna eta deserosotasuna modu orekatu xamarrean probokatuko lukeen lerro editorial bat posible da? Badira sinesgarritasun zeharkatzaile hori izan dezaketen pertsonak, profesionalak, arduradunak? Praktikan erantzun batzuk ikusten ari gara eta merezi du apur bat honetaz pentsatzea”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak