Tokikom jardunaldiak

Kike Amonarrizen hausnarketa: Hiztun komunitatea ahalduntzeko eta trinkotzeko baliabide

Toki komunikabideak euskararen transmisioaren katean. Tokikom jardunaldietan Kike Amonarriz soziolinguista eta komunikatzaileak egindako hausnarketa.

"Gogora dezagun zertarako sortu ziren euskarazko toki komunikabideak. Herri-aldizkarien mugimendua 90eko hamarkadan sortu zen euskara elkarteek bultzatuta helburu nagusi hauekin: euskarazko irakurgaiak euskaldunak zeuden etxe guztietara heltzea, gertuko informazioa euskaraz eskaintzea, euskara elkarteen eragina zabaltzea eta herri/eskualdeetako euskal komunitatea ahaldundu eta trinkotzea. Helburua ez zen, hizkuntza hegemonikoen kasuan gertatzen den bezala, ildo ideologiko jakin baten babesean informazio lokala emango zuten hedabideak sortzea, hizkuntza komunitate osoarengana heldu eta komunitatea bera trinkotzeko balioko zutenak sortzea baizik.

Euskara elkarteen eraginez eta elkarteen babesean jaiotako komunikabideen helburuak bat etorri beharko luke euskara elkarteen mugimenduak duen estrategiarekin, eta lehentasunezko helburutzat izan beharko lukete euskaltzale guztiengana heltzea, edo ahalik eta gehienengana. Horrek eskatzen du medioa independentea izatea erakundeekiko nahiz eragile politikoekiko eta ildo editorial autonomoa izatea, ikuspegi soziopolitiko guztiek sarbidea izatea eta denek erosotasun/deserosotasun maila berdintsua izatea. Beste posizio batean kokatzen ditut euskara elkarteen mugimenduetatik kanpo sortutako tokiko komunikabideak. Kasu horietan, noski, zilegi dute egokien ikusten duten estrategia komunikatibo-komertziala jarraitzea".


Normalizazioaren ikuspuntutik

"Tokiko hedabideak oso baliabide garrantzitsuak izan dira eta dira euskararen normalizazioaren ikuspegitik, gertuko komunitatean euskaraz bizi ahal izateko esparruak sortu edo irabazi dituztelako eta tokiko euskarak prestigiatu. Bestalde, erreferente eta profesional euskaldunak sortu dituzte, euskaraz egiten den guztiari ikusgarritasuna eta garrantzia eman diote eta bozgorailu ikaragarria izan dira euskal kulturarentzat. Tokiko komunikabideek hainbat esparrutako terminologia eta esapideak gizarteratzen eta euskalkiak eta herrietako ondare linguistikoa transmititzen lagundu dute eta hizkera lokalen eta estandarraren arteko dikotomiari irtenbide praktikoa eman diote.

Beren funtzio eta helburuen garrantzia begi-bistakoa da. Baina une honetan gure buruari egin behar diogun galdera hau da: zein neurritan ari dira betetzen aipatu ditugun helburuak eta funtzioak? Egia da etxe askotara iristen direla eta euskarari eta euskalgintzari egiten dioten ekarpena berebizikoa dela, baina, batzuetatik besteetara alde handiak egon arren, oro har, ez dira iristen funtzio horiek guztiz betetzera: geografikoki hartzen duten eremua mugatua da, dauden lekuetan askotan ez dira heltzen euskaldunen gehiengoarengana... Bidea egin dugu, baina lan handia dugu egiteke aurretik. Gertutasuna lantzea da euskarazko komunikabideon indargune nagusietako bat; zer esanik ez, tokikoena. Eta horrek aukera ezin hobeak eskaintzen ditu, indar handiagoa duten hedabideak iritsi ezin daitezkeen leku eta esparruetara iristeko eta beste inon aurkitu ahal ezingo den informazioa emateko".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.