Zapore gazi gozoarekin amaitu du denboraldia 'Purito'k

Xabi Gorostidi 2016ko aza. 10a, 15:41

Arrasateko pilotuak maila aparta eman du Jarama zirkuituan egiten den RACE turismos txapelketan. Aurkariek baino esperientzia eta baliabide ekonomiko gutxiago izan arren, sailkapeneko lehen postuan heldu zen azken lasterketara. Bertan, matxura batek lasterketatik kanpo utzi zuen eta hirugarren amaitu du sailkapenean.

Arrasateko Xabi Fernandez ‘Purito’ auto gidariak zapore gazi gozoarekin amaitu de RACE Turismos-eko denboraldia. Aurten lehen aldiz parte hartu du, 8 lasterketaz osaturiko txapelketa, baina hasieratik maila aparta erakutsi du, aurkariek baino baliabide eta esperientzia gutxiago eduki arren. "Ez genuen espero goialdean egotea. Mundu hori nolako den ikastea zen asmoa, baina oso positiboa izan da guretzako" adierazi du 'Purito'k.

 Txapelketa lau asteburutan jokatzen da eta bakoitzean bi lasterketa egiten dituzte. Puritok benetan indartsu hasi zuen denboraldia, lehen asteburuko polea eta bi lasterketa irabaztea lortu baitzuen. Txapelketan zehar maila ona ematen jarraitu zuen erregulartasun horri esker sailkapeneko lehen postuan mantendu zen azken lasterketara arte. 12 puntuko aldea zuen bigarren sailkatuarekiko, eta hamargarren postu inguruan geratuta nahikoa zuen txapelketa irabazteko. Baina orduan etorri zen ezbeharra. Azken lasterketako sailkapen proban kotxeak kale egiten ziola sumatu zuen. Azken bigarren postuan sailkatzea lortu zuen, baina arazoak konponbiderik ez zuela ikustean, lasterketari eta txapelketa irabazteari uko egin behar izan zion. 

Aipagarria da, bere aurkari zuzenek askoz aurrekontu handiagoak zituztela, kasu batzuetan laukoitzak izateraino. Zentzu horretan bere babesleen eta mekanikoen laguntza eskertu du. "Aurten eduki ditudan babesleak ezin hobeto portatu dira, eta oso pozik nago. Eurak ere pozik daude lortu ditudan emaitzekin. Baina babesle gehiago behar dira ondo lehiatzeko".

Era horretan txapelari agur esatea kolpe latza izan zen Fernandezentzat. Hala ere, pilotu arrasatearra denboraldian erakutsitako mailarekin pozik azaldu da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak