Memoriaren Egunean elkarretaratzean parte hartzera deitu dute Arrasateko alderdi politikoek

Eneko Azkarate 2016ko aza. 10a, 11:27

Arrasateko Udalean ordezkatuta dauden alderdi guztiek dei egin dute gaur, eguena, Memoriaren Eguna, antolatuko diren ekitaldietan parte hartzera. Era berean, testu bat adostu dute alderdi guztiek -EAJ, EH Bildu, Baleike, PSE-EE eta Irabazi-. 19:00etarako bost minutuko elkarretaratzea deitu dute Arrasateko plazan.

Besteak beste, gaurko, eguena, 19:00etarako, 5 minutuko elkarretaratzea egitera deitu dituzte herritarrak eta gizarte-erakundeen ordezkariak. Arrasateko alderdi politikoek diote, euskal erakundeen asmoa dela herritar guztiei "gonbit egitea bai iragana, bai gizarte osoak jasan zituen ondorio lazgarriak ez ahaztera".

Hona hemen, adostutako adierazpena, oso-osorik:

"Memoriaren Eguna ospatzen dugu gaur. Oroipen-egun honetan, euskal erakundeon asmoa da herritar guztiei gonbit egitea bai iragana bai gizarte osoak jasan zituen ondorio lazgarriak ez ahaztera, bereziki biktima batzuek jasan zituztenak, hain zuzen beharrezkoa delako aitortzea beraien mina eta pairamena ez zirela bidezkoak izan. Biktima horiei elkartasuna zor diegu, baita hurbiltasuna, egia, aitortza eta erreparazioa.

Era berean, Memoriarekiko hitzordu honek elkarrizketa plurala sustatu nahi du, baita sekula errepikatu beharko ez den iraganeko hari buruzko gogoeta kritikoa ere. Hartara, elkarbizitza ezartzeko borondate eraikitzailea partekatuko da, Euskadiren orainerako eta etorkizunerako, oinarri harturik ideia-aniztasuna, oinarri demokratikoak eta giza eskubideen defentsa.

Horregatik guztiagatik honakoa adierazten dugu:

  • Inoiz ez direla ez gertatu ez justifikatu beharko gure arteko indarkeria- eta terrorismo-agerbideak.
  • Giza eskubideak hautsi ditzakeen edozein mehatxuri sendo egingo diogula aurre.
  • Gure borondatea, Euskadiren orainerako eta etorkizunerako, bide baketsu eta demokratikoetan sakontzean datzala, horixe baita formula bakarra elkarbizitza libre eta baketsua eraikitzeko".

Testua adostearekin batera, zera erabaki dute:

Batetik, Memoriaren Eguna oroitzea. Horri begira, 2016ko azaroaren 10ean, 19:00etan, Arrasateko udaletxeko plazan, 5 minutuko elkarretaratzera  deialdia luzatzen dute.

Bestetik, herritar guztiek eta gure gizarte-erakundeen ordezkariek bertan parte har dezaten gonbita luzatzen dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak