RIP taldea eta 1980eko hamarkada gogoratzeko beste zita bat izango da bihar, zapatua, gaztetxean (22:30). Bi urtean behin egiten duten moduan, RIP taldeko kide zirenak omenduko dituzte; Portu, Karlos eta oraingoan, lehen aldiz, Jul Bolinaga.
Azkenaldian, bi urtean behin
1997an hil eta lau urtera, sanjuanetan, Monterron parkean omenaldi berezia egin zitzaion Porturi, eta Jabi Sayes –Jabi Destruye ezizenez, Destruye fanzineko arduraduna zelako– eta konpainiak antolatuta Andoaingo gaztetxean ere egin zen jaialdi bat. 2003an, Karlos hil zenetik, bi urtean behin egin izan dira omenaldiak Arrasateko gaztetxean.
Aurtengoa izango da lehena Jul Bolinaga barik. "Duela bi urteko jaia egin eta gutxira hil zen Jul. Kontzertu hartan ez genuen jo, baina anaia egon zen azkena izan zen", gogoratzen du Txerra Bolinagak. RIP talde esanguratsuko kideak omenduko dituzte bihar, baina Bolinagak bidean geratu diren horiek ere baditu gogoan: "Jende asko joan zaigu, rockzale ugari. Joan diren beste lagun guztiak oroitzeko ere bada kontzertu hau".
Orduko punka eta gaur egungoa
Hiru taldek joko dute: Perlata, Ezin Izan eta TxerRIPkumeak. Perlata zeresana ematen ari den talde arrasatearra da; Maialenek, Jaionek, Anek eta Anderrek osatzen dute, eta punk-rocka oinarri badute ere, bestelako doinuak ere lantzen dituzte. Ohikoak ez diren bertsioak eskainiko dituzte eta ziur egingo diotela keinuren bat RIP taldeari ere. "Rocka oso gizonezkoa da oraindik eta eskertzekoa da emakumeak ere ikusaraztea", dio Bolinagak.
Bestalde, 1990eko hamarkadaren hasieran Donostian sortutako Ezin Izan taldeak hardcore doinuak eskainiko ditu; urte luzez geldi egon ostean, bueltan datoz. "Oso gogotsu datozela esan didate", dio Txerrak.
TxerRIPkumeak taldearekin joko du Bolinagak, jaialdirako propio sortutako taldea. Agertoki ondoan aspalditik ezagutzen dituen musikariak izango ditu, tartean Des-Kontrol eta Never Surrender taldeetako kideak. "Oso gustura" eseri da baterian berriro, azken urtean apenas jo du-eta: "Entseguekin gozatzen ari naiz, sekulako lagun giroa dago. Gogoa eta ilusioa dagoenean ezin daiteke ezer txarrik irten. 1980eko hamarkada hasieran entzuten genituen taldeen bertsioak joko ditugu, ederra izango da. Bazkaria egingo dugu aurretik, aspaldiko lagunekin egoteko eguna izango da".