"2017ko otsail inguruan landatuko dugu. Haritza bertako mintegi batetik ekarri nahi dugu; ez dugu prisarik, garrantzitsuena da landaketa ondo egingo dela bermatzea", adierazi du OZMA batzordeko buru Oscar Garciak.
Obrak, Zerbitzuak, Mantenua eta Auzoak batzordeko buru Oscar Garciak gogoratu duenez, udaberrian txosten bat eskatu zioten Gabriel Iguiñiz adituari. "Txosten horretan jasotzen zen landatu zen haritza oso handia zelako ez zela ondo sustraitu eta klimatologia aldetik ere ez zela urte ona izan. Ordutik guztiz hilda dago", dio Garciak.
Espezie bera landatuko dute, aurretik herritarrek hala erabaki zutelako. "Adituari kasu eginez haritz txikiago bat landatuko da; gero eta txikiagoa bada, hobe", adierazi du Garciak.