"Ekitaldi xumea, baina, era berean, gozoa izan da. Justiziaren erreparaziorako beharrezkoa da, duda barik, horrelakoak egitea. Ezin da gertatu ziren injustiziak ahaztuta, orririk pasatu", kontatu du Maria Ubarretxena, Arrasateko alkateak.
Hernaniko kanposantuan egin dute ordu bete inguruko iraupena izan duen ekitaldia. Omendutako senidetako batek justizia egiteko eskatuta eta gertatutakoak ez ahazteko esanaz ekin diote omenaldiari. Ondoren, Maribel Vaquerok, Bizikidetzako eta Giza Eskubideetako zuzendariak hartu du hitza, eta segidan, Luis Intxauspek, Hernaniko alkateak. Ekitaldia borobiltzeko, bertsoak kantatu eta aurreskua dantzatu dute, eta ondoren, lore eskaintza egin dute.
Arrasateko Udalak biktimei laguntzeko ekimen gehiago
Gertatutakoen egia jakiteko lanean jarraitzeko asmoa duela iragarri du Arrasateko alkateak; hori horrela, biktimei laguntzeko bide berriak lantzeko asmoa duela gaineratu du. "Udaletik eskaintza bat egiten diegu senideei, Aranzadiren bitartez familiaren batek ikerketa egin gura badu, Udal ordezkariekin harremanetan jartzeko, eta Gogora Instituzioaren bitartez saiatuko ginateke horiei bidea ematen. Ikerketek bere denbora eramaten baina beharrezkoa da poliki-poliki horiei guztiei irtenbidea ematen joatea".