Javier Ruiz de Larrinaga eta Eider Merino lokatzetan ere azkar

Xabier Urtzelai 2016ko aza. 5a, 15:37

Azken hilabeteotan bota ez duen euria goizean bota du, eta horrek erabat baldintzatu du Arrasateko bigarren ziklo-krosa. Zirkuituak, baina, uste baino hobeto eutsi dio, eta nahiz eta tarte batzuk tekniko bilakatu dituen, lasterketak azkarra izaten jarraitu du. Elite mailan Javier Ruiz de Larrinagak oso erraz irabazi du lasterketa, abantaila politarekin. Baina beste protagonista asko izan ditu lasterketak.

Euria bota eta bota, goizeko lehenengo ordutik. Atzo zirkuitu azkarra bazen, gaur horren azkarra izateari utzi dio ur asko pilatu delako zona batzuetan. Hala ere, malda gogorren bat kenduta orokorrean ez da aparteko lokatzararik sortu, eta belardiak ondo eutsi die ziklisten joan-etorriei. Alde horretatik, esatari lanetan zebilen Felix Zugastik ere garbi utzi du: "Euria, hotza eta haizea, hau da ziklo-krosa!".

Lasterketa ikusteko giroak askorik laguntzen ez bazuen ere jende asko gerturatu da zirkuitura. Lokatz gutxien masterrek izan dute, eurek jardun dute-eta lehenengo orduan, eta orduak aurrera egin ahala lokatz gehiago pilatu da. Kadete mailan Ibai Ruiz de Arkaute izan da onena, Mikel Orbea bigarren eta Mikel Agirrebeiti hirugarren, eta Gipuzkoako txapeldun Mikel Orbea izan da.

Garazi Estevez eta Garazi Erostarbe Gipuzkoako txapeldun

Emakumezko kadetetan, ostera, Caja Rural taldeko Garazi Estevez arrasatearra Gipuzkoako txapeldun bilakatu da Arrasaten, hor egon da goizeko lehen albiste ona. Sailkapen orokorrean, berriz, Arrasatekoa hirugarrena izan da, Nahia Erañaren eta Amaia Murgialdairen atzetik.

Gazte mailan, berriz, Joseba Otaola, Beni Leon eta Aitor Garmendia igo dira podiumera, eta Beni Leonendako izan da Gipuzkoako txapela. Aipatu Iñigo Aranburu Eroski taldeko ibarreko ordezkaria hirugarren izan dela Gipuzkoako txapelketako sailkapenean. Emakumezkoetan, berriz, Garazi Erostarbe oñatiarrak eman du goizeko beste albiste ona, hura ere Gipuzkoako txapeldun izan da-eta. 

Open kategorian, berriz, Eider Merino, Lierni Lekuona eta Monica Carrascosa izan dira onenak, eta Lierni Lekuonarendako izan da Gipuzkoako txapela.

Elite gizonezkoetan, berriz, aipatu moduan Javier Ruiz de Larrinagak bigarren itzulirako kontrario guztiak utzi ditu atzean. Lasterketa hasi eta 30 metrora erorikoa izan da tropelean, eta bizpahiru ziklista lurrera joan dira, nahiz eta lasterketarekin aurrera jarraitu ahal izan duten. Larrinagak ez du hasieratik estutu, besteei egiten utzi die, bigarren itzulian alde apur bat hartu aldea handitzen joan da, helmugara abantaila politarekin sartu den arte. Arrasatek izan du ordezkaririk horren kategoria zorrotzean, elitean, Zigor Urain eta Kepa Otxoa etxeko lasterketan izan dira-eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak