RACE txapelketa barruan bi multzo edo dibisio daude, potentzia ezberdinetako auto guztiak multzo berean egon ez daitezen. Hala, Purito bigarren dibisioan dabil lehian Seat Leon (MK1) autoarekin, eta domekarako 24 pilotu izango dira kategoria horretan lehian. Aipatzekoak dira Subaru WRXarekin lehiatuko den Jose Manuel de los Milagros, edo Daniel Marban (Porsche 997 GT3) moduko pilotuak.
Hala, bigarren dibisio hori hainbat kategoriatan banatuta dago, eta 4-B kategorian A+Gas taldeko Purito da faborito nagusia, eta atzetik datoz Maximo Sant (Seat Leon MK1) eta Mariano Esteban (Renault Clio Cup) pilotuak. Hemen parte-hartzaileen zerrenda, eta xehetasun gehiago.
Bi lasterketa egingo dituzte
Arrasatekoak abantaila polita du, baina lasterketa bikotza izaterakoan oraindik puntu asko daude jokoan. Hala, bi lasterketetan aurrealdeko postuetan ibiltzen bada –ez du irabazi beharrik– txapela poltsikoan izango luke Xabik. Bi lasterketak Maximo Santek irabazita ere, Arrasatekoak nahikoa luke podiumetik gertu ibiltzearekin. Hala, bestetan jarrera erasokorra izan duen moduan, oraingoan burua hotz mantentu beharko du arrasatearrak, eta ondo neurtu pistan ze borroka komeni zaion, eta zein ez.
Gertatzen dena gertatzen dela, Arrasatekoarendako denboraldi izugarria izan da. Bihar etxekoen eta lagunen babesa izango du Jaraman.
Ordutegiak
Domekan goizetik lasterketak izango dira Jaraman. Bigarren dibisioko ordutegiei dagokienez, lehenengo lasterketa 12:45ean izango dute, eta bigarren lasterketa 14:45ean izango da. Zehaztasun gehiago, hemen.