Munduko diseinurik onena duen taberna

Ubane Madera 2016ko aza. 4a, 13:50
Blue Wave kokteleria Bartzelonan dago.

"Apurtzeko puntuan dagoen olatua irudikatzen du; ñabarduraz eta distiraz betetako itsas giroan barneratzen ditu bezeroak"; efektu hori lortu nahi zuten Blue Wave kokteleriaren diseinuarekin Natali Canas del Pozo arrasatearra kide duen El Equipo Creativo arkitekto taldeak. 

Bartzelonan dago, OneOcean Port Vell-en; itsaso gainean dagoela dirudi taberna-jatetxe alorrean munduko diseinurik onena duen kokteleria: Blue Wave Bar. Best Overall Bar (Guztion artean onena) eta Best Europe Bar (Europako tabernarik onena) sariak eskuratu berri ditu haren diseinuaz arduratu den El Equipo Creativo akitekto taldeak, Restaurant and Bar Design Awards sariketan, Londresen.

Munduko 70 herritako 1.000 proposamenen artean nagusitu da itsasoko olatuak eta giroa inspirazio-iturri dituen diseinua. Eta berau landu eta garatu duen hiru lagunez osatutako ekipoan debagoiendar bat dago: Natali Canas del Pozo (Arrasate, 1975).

Oinarria, zeramika

"Zeramika erabili dugu oinarrizko material modura, Mediterraneoarekin zuzeneko lotura duelako. Cumella etxearekin batera diseinatuta, zazpi urdin tonu eta hainbat akabera desberdin dituzten piezak erabili ditugu; maskor formadunak, besteak beste. Espazio txikia duen taberna da, ur bazterrean dagoena, tutu itxurarekin, hortik etorri zitzaigun apurtzear dagoen olatua irudikatzeko ideia", kontatu du Natali Canas del Pozok.

Gastronomia eta diseinua

El Equipo Creativo arkitekto taldeak Bartzelonan du egoitza. 2010ean hasi zuen ibilbidea, Ferran eta Albert Adriaren Tickets jatetxea diseinatzen. Harrezkero, gastronomiarekin zerikusia duten espazioak diseinatu dituzte, batik bat. "Gastronomian gero eta gehiago baloratzen dute diseinua. Jatetxeetan ahalegintzen dira bezeroendako esperientzia bakarra ez dadin bakarrik jatekoa izan, baizik eta jatetxea bere osotasunean, eta, zentzu horretan, diseinuari garrantzi handia ematen diote", esplikatu du taldeko sortzaile eta bazkide Canas del Pozok. Iruñean, Berlinen, New Yorken eta Bartzelonan egin ditu, besteak beste, arkitekto ikasketak. Azken urteotan Kataluniako hiriburuan bizi da eta han lan egiten du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak