Kloroak umeengan dituen "ondorio negatiboak" murrizteko sistema berria

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko aza. 2a, 16:44
Ezkerrean, barruko igerilekuak; eskuinean, aparatu berriaren instalazioa. Argazkiak: Arrasateko Udala.

Arrasateko Musakolako kiroldegiko barruko igerileku txikiko urak desinfektatzeko ultramore izpi sistema duen aparatu berri bat jarri du Kirol Zerbitzuak. "Teknologia berri hau guztiz ekologikoa da eta errendimendu eta efikazia hobekuntza nabarmena ekarriko du ur garbiketa aparatuen funtzionamenduan eta mantenuan", adierazi dute.

Kiroldegiko barruko igerileku txikiko ura desinfektatzeko prozesuan aurrera pausoa eman du Udaleko Kirol Zerbitzuak; ultramore izpi sistema berria erabiliko dute. "Teknologia honi esker, igerilekuetako uran eta giroan aurki daitekeen kloro konbinatua murriztuko da %90ean, eta ur horretan eta baita airean ere kalitate hobekuntza nabaria sortuko du", adierazi dute. 

Kloroa, zigarroaren kea baino okerrago

Kirol Zerbitzutik aditzera eman dutenez gaur egun igerilekuetako kloroaren erabilera ezbaian dago. Lovainako Unibertsitate Katolikoko Toxikologoa den Alfred Bernard Doktorearen hitzetan, "umeen arnasbideen osasunean igerilekuetako produktu kimikoek eragiten duten inpaktua, gertuko erretzailearen keak sortzen duena baino bost aldiz handiagoa da". Ikerketa batzuen arabera, igerilekuak erabiltzen dituzten umeek alergiak edo asmak sufritzeko bost aldiz aukera gehiago dituzte; kloratutako igerilekuek maskuriko minbizia izateko aukera %57an handitzen dute; igerilekuetako kloro maila tipikoek (2-4 ppm), arnasbideetako hertsadura sortzen dute, eztula eta arnasestuak eraginez.

Bada, ondorio negatibo horiek guztiak saihestera dator Musakolako kiroldegian jarri duten sistema berria. "Izan ere, sistema honek produktu kimikoen erabilera %90ean gutxitzen du, kloroak sortzen dituen sub-produktu guztiak suntsitzen ditu eta patogenoen (bakteriak, birusak, hondoak…)  %99a deuseztatzen du. Gainera guztiz ekologikoa den sistema bat da".

Londresko joko olinpikoetan erabilia

Kirol Zerbitzuko arduradunen arabera, izpi ultramoreen sistema hori hainbat lekutan erabiltzen da dagoeneko. New Yorkeko hiriak adibidez, 12.000 UV makina erabiltzen ditu bere ur sarerako. 2012ko Londresko Olinpiar Jokoetako igerilekuek sistema hori erabiltzen zuten eta AEBko USA Trials 2012 proban ere erabili zen besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak