Ekainean mailaz igo ostean denboraldi hasiera ederra egiten dabil Mondra, eta dagoeneko kategoriako ezustea eman duen talde bilakatu dira, bai behintzat jokatutako zortzi partidu hauetan. Zortzitik sei irabazi eta bi berdinduta, zuri-moreak sailkapenean lehenengo postuan kokatu dira, nahiz eta zortzigarren jardunaldi hau amaitzeko partidu gutxi batzuk geratzen diren. Hala, lehenengo sei partiduak jarraian irabazi zituen UDAk du lehenengo postu hori errekuperatzeko aukera, 16:30ean Vasconiaren kontra hasiko duen partidua irabazten badu. Aloña Mendik ere ez du erronka makala, atzealdeko postuetatik irteteko lehia duelako Lesakan, Beti Gazteren kontra.
Uribarren eta Aizpurua, golegile
Borroka handiko partiduan bi taldeek izan dituzte aukera garbiak, baina zuri-moreak trebeago ibili dira ate aurrean, eta Uribarrenek eta Aizpuruak ondo aurreratu dute Mondra (2-0). Bazirudien Mutrikuk ez zuela inor urduritzeko aukerarik izango, baina epaileak kanpotarren alde adierazitako penaltiak aukera eman die mutrikuarrei tartea txikitzeko (2-1). Mondrak, baina, alde txiki hori mantentzen jakin du.
Erregional preferentean Bergarak galdu
Erregional preferentean Bergarak aukera polita galdu du sailkapeneko lehen postura salto egiteko, eta Idiazabalen 1-0 galduta hirugarren postuarekin konformatu beharko dute. Maila berean, Mondrak 0-1 irabazi dio Soraluzeri Ezozian, eta Aretxabaletak 4-3 galdu du Urolaren kontra.