Eguraldia lagun, lehenengo Udalako Igoerak pozik utzi ditu automobilismo zaleak eta antolatzaileak, lasterketa arazo barik eta aurreikusi baino azkarrago egin ahal izan dutelako. 32 pilotu batu dira irteera puntuan, eta kategorietako batean erabakitzeke zegoen txapela, Tarsicio eta Markel Cestafe bergarra zebiltzan-eta zein baino zein gehiago. Tarsiciok abantaila zuen sailkapenean, Bergarakoa sailkapen hori azken lasterketan iraultzera irten da, baina arazo mekanikoak izan ditu Mitsubishian, eta bertan behera utzi behar izan du proba. Horrenbestez, Tarsicio da mendiko sariko Euskadiko txapelduna.
Monoplazetan Xabier Lujua eta Garikoitz Flores izan dira zein baino zein gehiago, eta 3 segundoko aldearekin nagusitu da Flores, eta turismotan, berriz, Igor Urienen (Citroen AX), Iban Tarsicioren (Mitsubishi EVO) eta Bruno Schererren (Porsche 997 GT3) borrokan frantziarra izan da nagusi.
Ibarrekoak euren klaseetan nagusi
Auto potoloen borrokarekin batera, baina, beste lehia asko izan dira, eta hor aipatzeko moduko lana egin dute askok. Aitor Frutos (Renault Clio Sport) eskoriatzarra 2 klaseko onena izan da, eta Gorka Idigoras (Renault Clio Sport) nagusitu da 3 klasean.
Sailkapenak, kategorien arabera:
1 klasean: Iñaki Racamonde (Citroen AX Sport).
2 klasean: Aitor Frutos (Renault Clio Sport).
3 klasean: Gorka Idigoras (Renault Clio Sport).
4 klasean: David Pelaez (Citroen AX A1/2).
5 klasean: Igor Urien (Citroen AX).
6 klasean: Bruno Scherer (Porsche 997 GT3).
8 klasean: Garikoitz Flores (BRC B49).
9 klasean: Luis Perez (BMW E21).