Aurten ere Dorletako Amako ordezkariak gogotsu dabiltza lasterketa antolatzen. Markuleteko lursailean hasi dituzte lehenengo garbiketa lanak, datorren astera begira dena gertu egon dadin. ''Zirkuitu txukuna izan zen iazkoa, eta aldaketa txikiren bat egingo badugu ere, ia berdina izango da'', adierazi zuen Zigor Urain antolatzaileak.
Arrasateko lasterketa Euskadiko Kopako probetako bat da, eta horrek esan gura du euskal txirrindulari onenak Markuleten izango ditugu nor baino nor gehiago. Horrekin batera, Gipuzkoako Kopa egongo da Arrasaten jokoan.
Hala, iaz ez moduan, Aitor Hernandez, Javier Ruiz de Larrinaga,Ismael Esteban eta Kevin Suárez moduko ziklistak Markuleten lehiatuko dira aurtengoan, euretako batzuk iaz Valentzian izan zirelako, Espainiako Kopan lehian.
Ordutegiak:
- 9:00etan masterrak (30-40-50-60)
- 10:00etan kadeteak (neska-mutilak)
- 11:00etan jubenilak/juniorrak (neska-mutilak) eta neskak elite/23 azpikoak
- 12:00etan elite/23 azpikoak
- 13:15ean sari banaketa
Aipatzekoen artean esan, elitekoen lasterketa aurretik herriko gaztetxoei zirkuituan ibiltzeko aukera emango dietela, kirol hau gertuagotik ikus dezaten: ''Izena eman beharko dute horretarako, eta eurek bizikleta ekarri, mendiko bizikletek ere balioko dute''.