Udala auzora inoiz baino azkarrago igoko dira bihar hainbat pilotu, euren automobilek lagunduta. Gezurra badirudi ere batek baino gehiagok 200 kilometro orduko –barketarekin– abiadura ere hartuko du tramurik azkarrenean, eta kategoria nagusietan txapelak erabakita badaude ere, beste kategoria batzuetan pilotu asko daude urte osoko lana jokoan dutenak.
Lehia estua, eta askoren artean
Irteera puntuan 33 pilotu batuko dira, eta kopuru polita da bost txanda egiteko. CM kategorietan Xabier Lujua eta Garikoitz Flores izango dira zein baino zein gehiago. Mitsubishiekin Tarsicio eta Cestafe bergararra izango dira, Schererrek Porsche-a ekarriko du eta Corcuera arrasatearra azkar ibiliko da, ohi moduan, Golfarekin. Lebeiti (R5 Tour de Course), Urien (AX)... Clio Sport autoen arteko lehia... Osagairik ez zaio falta lasterketari.
ELKARRIZKETA
Oxel Etxebarria, A+Gas taldeko ordezkaria: "Herrira begira egindako lasterketa da"
Azken urteotan motorshow-a antolatzetik pauso bat aurrera egitea erabaki du A+Gas taldeak. Leintz Gatzagako Igoera antolatzen laguntzen ibili dira aurten, eta hor batutako esperientzian oinarrituta antolatu dute Udalako lasterketa.
Zer prestatu duzue biharko?
Goizean autoak Mecan egongo dira, eta handik kalejiran joango dira, denak batera, Erguingo Herri Eskola parera; hango zuzenean egongo dira auto guztiak, lasterketa hasteko prest. 12:00etan hasiko dugu lehen txanda, eta guztira 5 txanda izango dira. Txanda bat amaitzen denean Udalako auzotarrek, edo jatetxeetara doazenek segurtasun autoak zainduta auzora igo ala auzotik jaitsi ahal izango dute.
Zale asko espero dituzue?
Halaxe gurako genuke, herrira begira egindako lasterketa da-eta, hemen zaletasun handia dagoelako. Gainera, prezioarekin ahalegina egin dugu, 5 euro baino ez ditugu kobratuko, txanda bakoitzeko euro 1 delako. Ea igoera zalez betetzen den.