Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarrok eman dio saria Arregiri gaur, eguaztena. Esandako moduan, Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan jarriko da eskultura. Kolunbarioak 36ko Gerran eta frankismo garaian desagertu ziren eta identifikatzerik izan ez diren pertsonen gorpuzkiak hartuko ditu, eta bertan kokatuko dira identifikatutako hainbat pertsonaren gorpuzkiak ere senitartekoek bertan atseden hartzea erabaki dutelako. Aukeratu den eskultura joan den udan Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak deitu zuen ideia-lehiaketako irabazlea izan da, eta 16 lanen artetik aukeratu dute Arregirena.
Honako hau adierazi du epaimahaiak lan irabazlea aukeratzeko orduan: "Hainbat xafla bata bestearen gain ezarriz gurekin ez daudenak hutsunearen bitartez sinbolizatzen ditu, desagertutako horien arteko elkarrizketa lortzen du eta orainean obraren ondotik igarotzen garenon artekoa ere, galdutakoen memoria eta duintasuna aldi berean errekuperatuz".