40 laguneko taldea 9:25ean abiatu zen Urduñako mendate gainetik euriaren mehatxupean Gorobel mendizerratik ibilbidea egiteko asmoz. Egin zuten lehen tontorra Txarlazo izan zen, non Urduñako Ama Birjinaren irudi erraldoia dagoen. "Bista ederrez gozatu ondoren, hurrengo tontorraren bila joan ginen: Txolope. Bidea jarraituz Solaiera tontorrera iritsi ginen. Bertan hamaiketakoa egin ostean, indarberrituta ibilbideari ekin genion berriz ere Bedarbide tontorra zapaldu arte. Azken tontorra falta zitzaigun bildumarako: Tologorri (1.068m.). 13:00ak aldera tontorra zapaldu genuen. Ohikoa den talde-argazkia atera ostean, Urduñako Lendoño Goitia auzora jaisten hasi ginen", adierazi du irteeron antolatzaile Sergio Serranok.
19 kilometroko txangoa
Guztira 19 kilometroko ibilaldi ederra izan zen. Eguraldiak hobera egin zuenez, aprobetxatu zuten bertan zeuden mahai eta eserlekuetan bazkaltzeko. 16:00etan Urduñara jaitsi ziren bertako plazan kafetxoa hartzeko eta 17:30ean Arrasatera bueltatzeko: "18:30ean Arrasaten ginen denok poz-pozik, hurrengo mendi-irteeraren zain". Azaroaren 27an izango dute hurrengo mendi irteera, Artzaintzaren Bidearen zazpigarren etapa.
Argazkia: Urduñako Ama Birjina Txarlazon.
Argazkia: Urduñako harana Tologorritik ikusia
Argazkia: Tologorri mendiaren tontorra.