2010ean egin zuten Eskoriatzan Leintz bailarako lehenengo topaketa; eta Aretxabaletakoei lekukoa hartuta -iaz han egin zuten-, Arrasateko taldeari egokitu zaio biharkoa antolatzea. "Txistulari elkarteen arteko harremana sendotzeko asmoarekin abiatu genuen. Ekitaldi ofizialetan bakarrik elkartu beharrean, horren serioa ez den beste batzuetan ere batzeko gogoak bultzatuta", azaldu du Junkal Perezek, Arrasateko txistulariak.
Biharkoak, baina, bailara gainditu egingo du. 50 lagun inguru batuko dira. "Plazentziakoekin eta Oñatikoekin aspaldiko harremana dugu. Abetxukokoekin Aretxabaletakoak hainbatetan izan dira, eta gustura asko hartu zuten gonbidapena".
Kalejirak eta kontzertuak
Zaldibar frontoitik abiatuta (11:30) erdiguneko kaleetan zehar kalejira eginda, Herriko Plazan egingo dute kontzertua, 13:00etan. "Bi kontzertu egingo ditugu: eguerdikoan, askotariko estiloetako piezak joko ditugu: zortzikoak, pasodobleak... Arratsaldekoan (18:30), berriz, kaleko dantzak izango dira, bereziki".
Belaunaldi aldaketaz kezkatuta
Perezek jende berria datorrela dio, baina bultzada bat eman beharko litzatekeela uste du. "Betikoak gaude; gazte gogotsuak ditugu, baina denbora behar dute gure martxa hartzeko".