Udal Azoka biziberritzeko egitasmoaren barruan, inkesta bat egin zuen gobernu berriak herritarren artean. "Etorkizunerako nahi dugun azoka mota zein den jakiteko egokiena herritarrei galdetzea zela erabaki genuen", adierazi du Obrak, Zerbitzuak, Mantenua eta Auzoak (OZMA) batzordeko buru Oscar Garciak.
"Ordutegi arazoak"
Enpresa bati kontratatutako inkesta horretako emaitzetatik ondorioztatu zen, besteak beste, bereziki jende gazteak ez zuela aukera handirik izaten Udal Azokan erosketak egiteko. "Inkestek adierazi ziguten jende multzo handi bat dagoela gustatuko litzaiokeela azokara joatea baina ez duela aukerarik izaten ordutegi arazoengatik. Horietatik asko gazteak dira".
Hortik abiatu zen Biteri plazan "Udal azokaren antzeko zerbait" egitearen ideia. "Ondo funtzionatuko balu herriko ekonomia bultzatzea eta dinamizatzea ere lortuko genuke, aldi berean. Aukera egongo litzateke beste azoka batzuk integratzeko baina gure hasierako asmoa da elikagaien azoka izatea", dio Garciak. Interesatuek urriaren 25era arte aurkeztu ahalko dute postua jartzeko eskaera, BAZen (943 25 20 00 edo baz@arrasate.eus)
Urtebeterako probaldia
Hileroko hirugarren zapatuan egiten den azokak Biterikoa estaliko ote duen galdetuta, Garciak dio oraingoz ez dutela erabakirik hartu: "Aztertzen ari gara bi azokak aldi berean mantentzea edo beste alternatibaren baten alde egitea". 2017ko abendura arteko probaldia izango du Biteriko azoka berriak: "Herritarren erantzunaren arabera erabakiko dugu zer egin aurrerago".
Udal Azokaren egitasmora bueltatuz, Garciak gogora ekarri du uda aurretik egindako inkestan parte hartu zuten herritarrek erabaki zutela, besteak beste, Udal Azoka gaur egun dagoen lekuan mantentzea eta bertako zerbitzuak eguneratzea.