Shanghain ere, gora Maritxu Kajoi!

Shanghaiko euskal etxeko zuzendaritza taldeko kideak, tartean hiru arrasatear. Argazkia: Nekane Gardoki.

Aurten zortzigarren urtez, Maritxu Kajoi eguna ospatu dute Shanghaiko (Txina) Euskal Etxean; zapatuan, urriak 15, ospatu zuten. Txikiteroen zaindariaren itzala Txinaraino heldu da aurten ere. "40. urteurrena dela-eta, jaiaren historiaren gaineko azalpen txiki bat jarri du Maritxuk mahaian, afariko menuarekin eta kantuarekin batera", adierazi du, besteak beste, Euskal Etxeko zuzendaritza taldeko kide Nekane Gardoki arrasatearrak.

2008an ospatu zen lehen aldiz Maritxu Kajoi Shanghaiko Euskal Etxean, inguruan ibiltzen ziren arrasatear batzuen ekimenez. Euskal Etxean ekintza ugari egiten dituzte urtean zehar, baita Euskal Herriko jai nagusiak ospatu ere. Horien artean, Bilboko Aste Nagusia, Zeledonen jaitsiera, estropadak, Sanferminak...

Urtez urte hobetzen doan festa da, zuzendaritza taldean diharduen Nekane Gardokiren arabera: "Ezin dugu konparatu Arrasateko Maritxu Kajoi eguna eta Shanghaikoa. Hasteko, egitaraua arratsalde gau partekoa izaten da. Normalean, lagun arteko poteoaren ondoren, afaltzeko elkartzen gara eta ostean, dantzaldia izaten da euskal etxeko partaide den DJ baten laguntzaz".

Argazkia: Shanghaiko Maritxu Kajoi eguneko afaria.

Hori bai, saiatzen dira Arrasateko egitarauko ekintza batzuk errespetatzen. Mirariak, esaterako: "Aipatzekoa da, Arrasateko eta Txinako ohituran hain garrantzitsuak diren dragoiaren dantza egiten zenekoa. Arrasateko kondairan eta Txinako kulturan zerikusia duten dragoia ekarri zuen Maritxuk mirari bezala eta urteetan zehar erabili izan da afal aurretik Maritxuren kantuarekin batera Maritxuri harrera egiteko".

Aurtengo miraria, baina, bestelakoa izan da: "Aurten, 40. urteurrena dela-eta, mahai inguruan Maritxuren sorrera eta historia azaltzen zuen azalpen txiki bat jarri du Maritxuk afariko menuarekin eta kantuarekin batera".

Argazkia: Arrasateko kartela, Paula Delgadok egindakoa, Shanghairako egokitua.

Urtero parte-hartzea handia izaten du Shanghaiko Maritxu Kajoi egunak. "Batzuk, Shanghaien izan dute lehenengoz egun honen berri eta jakin-minaren ondorioz, galdera ugari egiten dizkigute".

Bestalde, Gardokik onartu du herri-mina handitu egiten dela halako egunetan: "Badira momentu batzuk oso bereziak, Maritxuren kanta abesten denean edo Arrasatearrok argazkia ateratzeko momentua, esaterako. Gaur egun dauden sare sozialekin, urriko lehenengo egubakoitzean jasotzen diren mezu eta argazkiekin izaten da bai herrimina, inbidia, herrira joateko gogoa...". 

Amaitzeko, eskerrak ere eman gura izan ditu Gardokik: "Eskerrak eman gura dizkiogu Maritxu kajoi Komisiñuari bidalitako eskapularixuengatik eta eskerrak ere Paula Delgadori Arrasaten erabili den Kartel berdina bidaltzeagatik". 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.