Lehen jardunaldian Easoren aurka amore eman ondoren, lehen garaipenaren bila kantxaratu dira Ointxe!ko jokalariak. Sarrera debaldekoa izan da, eta etxeko taldeak eskertu du harmailetatik jasotako babesa. Zaletuek ez dute kale egin eta Iturripeko harmailak bete dituzte.
Lehen laurdenean, defentsako lan bikainari esker, MUkoek 12 puntu jaso dituzte bakarrik, eta bederatzi puntuko aldearekin ekin diote bigarren laurdenari (21-12). Defentsan tinko aritu dira berriz ere, baina erasoan, ordea, ez dira hain fin ibili. Hala eta guztiz ere, abantaila politarekin heldu dira atsedenaldira 36-24.
3. laurdenaren hasieran Tolosako taldeak mailarik onena eman eta zailtasunetan jarri du etxeko taldea. 2-6ko partziala lortu dute eta Larreategik hutsartea eskatu du defentsan emandako erraztasunak konpontzeko. Hala ere, Tolosak bere horretan jarraitu du eta laurdena bukatzeko bi minuturen faltan aurretik jarri dira 45-46. Baina momenturik zailenetan adorea erakusten duen taldea dela erakutsi du MUk. Bi hiruko jarraian sartuta buelta eman diote markagailuari eta bost puntuko aldearekin amaitu dute hirugarren laurdena. Aipagarria da laurden honetan lehen zati osoan jasotako puntu kopuru berdina jaso duela MUk.
Azken laurdenean defentsa hobeagoa egiteaz bat, erasoan lan bikaina egin dute MUko jokalariek. 23 puntu saskiratu dituzte, eta ikuskizuna eman diete Iturripera gerturatutako zaleei. Partiduaren amaieran 76-64 izan da markagailua, eta Andoni Aranzabal izan da saskiratzailerik onena 13 punturekin. Garaipen garrantzitsua lortu dute Larreategiren mutilek liga hasieran konfiantza hartzen hasteko. Datorren jardunaldian Palenciako Baloncesto Venta de Bañosen kantxan jokatuko dute, etxetik kanpoko lehen garaipena lortzeko asmoz.