Partidua hasi aurretik Mondra taldeko Haritz Ezpeleta atezainari elkartasun mezua adierazi diote taldekideek. Pankarta batekin argazkia atera dute: Animo Haritz. Laster gerria emuten berriz Aupa Mondra! lelopean.
Leloari jarraituz, gerra eman dute gaur arratsaldean Mojategin, eta hiru puntuak lortuta hurrengo partidua prestatzen hasiko dira asteon. Sailkapenean hirugarren postuan daude Josu Zubiaren mutilak, eta hurrengo jardunaldia Vasconiaren aurka jokatu beharko dute etxetik kanpora.
Aloña garaipen beharrean
Aloña Mendik, berriz, Oiartzunen jokatu du partidua eta 2-0 galdu dute oñatiarrek. Sei jardunalditan bost galdu dituzte, eta Mondraren aurkakoa berdindu. Hala, sailkapenean azken postuan daude puntu bakarrarekin, eta zulotik ateratzeko eta bide batez puntuak batzen hasteko, Amaikak Bat taldearen aurka hiru puntuak lortu beharko dituzte datorren jardunaldian.
Luzapenean garaitu du Bergarak
Erregional preferente mailako Bergarak luzapenean lortu zuen hiru puntuak Tolosatik ekartzea. 3-4 emaitzarekin amaitu zen partidua, eta orain hirugarren postuan daude 11 punturekin. Hurrengo partidua, berriz, etxean jokatuko dute Beasain taldearen aurka.
UDAk seitik sei
UDak sasoi betean jarraitzen du eta gaurkoan Martutene garaitu du Ibarran 4-0. Lehen gola 27. minutuan sartu du Anderrek, eta bigarrena ere berak sareratu du 46. minutuan. Hirugarrena 76. minutuan sartu du Rodrik eta partiduko azkena Santxok egin du 90. minutuan.