Arte bitartekaritzarako, erakusketarako eta dibulgaziorako espazio berriak sortzea helburu duen Jaurlaritzaren Harriak izeneko arte garaikideko programa barruko erakusketa da Arrasatekoa. Errealitatera edo euren ingurura argazkien bidez nola gerturatzen diren erakusten du erakusketak, Ana Arsuagaren arabera.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Eremuak izeneko ekimenaren barruan dago, aldi berean, Harriak programa.
Iluntzean egindako inaugurazio ekitaldian bildu dira bost artista gazteak eta erakusketaren komisarioa, Jon Otamendi. Otamendik adierazi du halako ekimenak "beharrezko" direla, "ekoizpen kopurua handiagoa delako horiek erakusteko aukera ematen duten lekuena baino", gehituz "kalitatezko ekoizpena" dela.
Otamendik animatu ditu herritarrak erakusketa ikustera joan daitezen, eta joan daitezen "aurreiritzirik gabe": "Ez daitezela etorri esperoz topatzea ohiko arte bezala identifika dezaketen zerbait, baizik eta ulertuz hau dela orain egiten dena".
Estitxu Oterminek, berriz, adierazi du nahi lukeela erakusketa ikustera doanak izan dezala sentsazioa "argazkiak nahita daudenarena leku zehatzetan eta modu konkretuan jarrita".
Artistekin topaketa
Urriaren 27an topaketa egingo dute artistekin, Kulturaten bertan, 19:00etan. Interesa duen orok joan ahal izango du, egileen azalpenak entzutera edo haiei galderak eginez jakin-mina asetzera.