Joan den astean MUk txukun egin zion aurre kontrarioari, laugarren laurdenean taldeak fisikoki behera egin zuten arte (81-66). Gipuzkoako talde indartsuenaren kontra Donostian galtzea ez zen ezustekoa izan, baina zuri-moreek zapatutik gura dute puntuak batzen hasi. Horretarako, Ointxe! elkartetik adierazi dute partidua ikusteko sarrerak doakoak izango direla.
Arrasate eta Tolosa, indarrak parean izan dituzten bi talde
Azken urteetan bide berdintsuak jarraitu dituzte etxeko jokalariz osatutako bi talde horiek. Lehenengo mailan hasi eta ondoren EBA mailan. Hainbat derbi jokatu izan dituzte, normalean lehia parekatu eta borrokatuak izan dira, eta biharkoa halakoxea izango da. Iaz bi taldeak jaitsierako postuetatik urrun ibili ziren, eta kategoriari aise eutsi zioten. Aurtengoan, baja narbarmenak dituzte Ointxe!-k zein Tolosak. "Eta, antzekotasunak nabarmentze aldera, aurreko asteburuan bi taldeek denboraldiko estreinuko partida galdu zutela aipatu behar da", adierazi dute klubetik: "Taldeari babesa eta bultzada emateko, lehenengo partidu honetan ez da sarrerarik kobratuko. Bertaratzen direnek, partidako giro onaz gozatzeaz gain, atsedenaldian fruitu eta barazki otar baten zozketan parte hartu ahal izango dute, Sustrai dendak oparitua".