Udalako lehen auto igoera urriaren 29an egingo da

Ibon Carmona 2016ko urr. 14a, 16:16
Aurtengo Gorlako igoerako irudia.

Azken urteetan motorshow-ak antolatu ostean, oraingoan, auto igoera antolatu du Arrasateko A+Gas taldeak. Lasterketa Udala auzoan egingo da, urriaren 29an, 12:00etan hasita.

Auto igoera Euskadi eta Gipuzkoako Mendi Txapelketetarako azken proba puntuagarria izango da eta bost txandaz egongo da osatuta; bi entrenamendukoak, beste bi ofizialak, eta bat librea. Orokorrean, txapelketek 3 txanda izaten dituzte, baina Udalako zirkuitua laburragoa izanik, bi txanda gehiago egingo dituzte. Urriaren 21 arte, inskripzio epeak irekita jarraituko du, eta arrazoi horregatik, oraindik ez dago korfirmatua zenbat kategoriatako autoak lehiatuko diren.

2,8 km-ko igoera  

“Zirkuitu nahiko azkarra da, eta gidariek bihurguneak abiadura handian igaroko dituzte. Igoerako amaierak bereziki bihurgune azkarrak izango ditu, eta, horrez gain, ibilbidearen zati bat nahiko zuzena izango da. Hasiera batean, bi chicane ipini behar genituen, baina, azkenean, Federaziotik bakarra jartzeko esan digute”, adierazi du antolatzaile lanetan dabilen Asier Amutxastegik.

Sari banaketa Pertuti parean

Lasterketa Udala auzorantz eramaten duen errepidean egingo den arren, sari banaketa ez da bertan egingo, Pertuti pizzeria aurrean baizik. Mugarrietako industrialdean dago hori. Sari banaketarekin batera luntxa ere egingo dute, lasterketaren babesle nagusia den Renault Autoberri kontzesionario kanpoan. Hain zuzen, lasterketa aurretik, kontsezionarioko hainbat autok igoerako ibilbidea egingo dute, karabana eran. 

 

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak