Eztiarekin gozotutako eta kantuz girotutako baserritarren azoka zapatuan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko urr. 13a, 13:01
Adin guztietarako eskaintza izango du biharko baserritarren azokak.

Berezia izango da urriko baserritarren azoka. Ohiko postuez aparte, Eztiaren Eguna ospatuko dute Jardunaldi Gastronomikoen barruan eta Xiberoko Eperra Ikastolakoen produktuak eta kantuak bertatik bertara ezagutzeko aukera ere egongo da.

Berezia izango da zapatuko baserritarren azoka (Seber Altube plaza, 09:00-14:00). Batetik, ohiko azoka egongo da; 14 postu egongo dira: Arrasateko bost, Debagoieneko lau, beste eskualde batzuetako hiru eta sukalderako zein ortu edota lorategirako tresneria saltzen dituen beste bi.

Ohiko azokaz harago, Deba Garaia Landa Garapenerako elkarteak Mankomunitateko Turismo Sailarekin batera antolatutako Jardunaldi Gastronomikoen barruan, Eztiaren Eguna ospatuko da lehen aldiz. "Helburua da erlezaintza ezagutzera ematea. Gure sorpresarako konturatu gara ibarrean 65 erlezain ditugula eta Arrasateko azokaren kokapena eta egitura oso egokiak dira lan horren erakusleiho gisa", adierazi du Deba Garaia Landa Garapenerako elkarteko presidente Agurtzane Diazek.

Ezti-dastatzea eta kandelak egiteko tailerra

Postu batzuk egongo dira erleen mundutik datozen produktuekin eta horrekin batera ukenduak eta kosmetika naturala saltzen dituen postu bat ere egongo da. Gainera, Gipuzkoako Erlezainen Elkarteak utzitako materialarekin erakusketa bat ere antolatu dute. Eta hori gutxi balitz, ezti dastatzea ere egongo da. "Jendea animatu nahi dugu askotariko ezti motak dastatzera, ikusgarria izango da. Eta kandelak egiteko tailer bat ere izango dugu. Lehen edizioa izateko eta formatu txikian izan arren, polita geratuko dela esango nuke; hileroko azoka borobilduko du", dio Diazek.

Erakusketa, dastatzea eta kandelak egiteko tailerra bertako erlezainek gidatuko dute: "Jende gaztea ere badabil erlezaintzan, gure sorpresarako". Ezti-dastatzea 11:30ean hasiko da gidari baten azalpenekin eta, kandela tailerra, berriz, 12:30ean. Bietan edonork hartu ahalko du parte, doan; momentuan bertan agertzearekin nahikoa izango da parte hartzeko.  Eguraldiak laguntzen badu, gainera, erleak ikusteko aukera ere egongo da bertatik bertara.  

Eperra Ikastolaren alde

Baserritarren azokak Xiberoko Eperra Ikastolaren alde egingo du biharkoan. Badira 15 urte gutxienez, Bedoñan bizi den xiberotar baten ekimenez Gabonetako saskiak zabaltzen direla Arrasaten eta bailaran. "Xiberotarrek aspalditik nahi zuten hemendik jasotzen duten laguntza eskertzea eta bide batez hemengo eragileekin harremana estutzea", esan du asteon Arrasate Irratian AEDko Itxaro Artolak.

Aurtengo kanpaina aurkeztuko dute azokan, otarretan saldu ohi dituzten produktuak erakutsiz: gazta, eztia eta ahatetik eratorritako produktuak, besteak beste. Kantuan ere egingo dute eta azokan egoteaz gain, egun pasarako plana ere zehaztu dute herriko eragile ezberdinekin batera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak