Elgoibarren Danobat-ek duen egoitzan izan zen bilera. Mondragon Korporazioko presidente Iñigo Uzin eta baita Zigor Ezpeleta ere; Eskuratuko Juan Antonio Perez eta Antonio Pascual, eta Ordainduko Iñaki Ierobi eta Mikel Olabe izan ziren.
Ordainduren esanetan, batzarra “zintzoa eta modu onekoa” izan zen, baina bi aldeen jarrerak elkarrenganako oso urruti daude.
Desadostasunak alderdi gehienetan
Ordainduren esanetan, Mondragoneko ordezkariek onartu zieten euren arazoa “giza ikuspuntutik larria” zela baina ez zutela arazoa konpontzeko bide ez tresnarik.
Alde bakoitzak bere argumentuak mahairatu zituen eta “desadostasun nabarmenak” izan zituzten “alderdi gehienetan”.
Mondragon Korporazioak esan du Ordaindu eta Eskuratuko ordezkariei azaldu ziela Korporazioak “ez duela konpetentziarik” euren arazoa konpontzeko. Helarazi zien ere ez duela orain arteko jarrera aldatuko.
Ordainduk eta Eskuratuk esan dute Uzinek eta Ezpeletak berretsi zietela Korporazioak ez dituela lanean diharduten salatariak “mehatxatzeko irizpiderik” emango.
"Elkarrizketaren bidea hemen ixten da"
Bi plataformek “aurrerapauso” gisa hartu dute batzar hori egin izana, baina, euren “nahia” bestelakoa izan arren, “elkarrizketaren bidea hemen ixten” dela esan dute: “Jarrerak oso aldenduak daude eta gauzak aldatu ezean, epaitegian ikusiko dugu elkar”.