Asteburu honetan Euskadiko ziklo-kros denboraldia hasiko da Urduñan. Aurten 19 proba egingo dira guztira, eta horietako bi Debagoienean; Arrasate eta Oñatin, hain zuzen. Bailaran egingo den aurreneko proba Arrasatekoa izango da, azaroaren 5ean, eta antolatzaileak jada prestakuntza lanean murgilduak dira.
Maila hobea
Arrasateko lasterketari dagokionez, pasa den urtean ez bezala, aurten, euskal mailako puntako txirrindulariak hartuko dute parte. Iaz, txapelketako data Espainiako Koparekin bat zetorren, eta ondorioz, zaleek Jabier Ruiz de Larrinaga eta Aitor Hernandez bezalako korrikalariak faltan igarri zituzten. "Aurten zapatura aldatu dugu lasterketa, eta aurpegi ezagunez gain, Espainiako zenbait korrikalari izango ditugu. Modu horretan, lasterketako maila hobetu egingo dela pentsatzen dugu", adierazi du Zigor Urtainek.
Zirkuituak aldaketa gutxi
Lasterketa Markuleteko industrialde inguruko zelaietan egingo da: "Zirkuitua berdina izango da, baina oztopo batzuk gehitu ditugu. Gainera zelaiak egoera onean daude, eta, horrela, lasterketak ikusgarritasun handiagoa izango du". Zirkuituak aldaketa gutxi izango dituen arren, ordutegi eta egitarau aldetik berritasunak egongo direla gaineratu du Arrasateko txapelketako antolatzaileak: "Alde batetik, iazkoa gehiegi luzatu zela ikusita, oraingoan txapelketa ordu bat lehenago hasiko da, hain zuzen, goizeko bederatzietan. Modu horretan, 13:30erako lasterketa guztiak amaituta egongo direla aurreikusten dugu. Bestalde, kategoria ezberdinen lasterketez gain, aurten sei urtetik gorako afizionatuek zirkuitu samur bat bizikletan egiteko aukera izango dute".
Zazpi kategoria ezberdin
Guztira zazpi kategoria ezberdinetako lau lasterketa egingo dira, hurrenez hurren; master 30, 40 eta 50 kategoriak (9:00), kadeteak (10:00), gazteak eta emakumezkoak (11:00) eta 23 urte azpikoak (12:00). Sei urtetik gorakoentzako zirkuitua 11:00etako proba amaitzean irekiko da.