Arrasateko elkarteak, bada, Galartaren margolan gehiago batzeko ahalegina egin nahi du. "Gure helburua, batetik, inbentario bat egitea da, haren obra noraino heltzen den jakiteko. Era berean, datorren urtean, iaz Gasteizen egin genuen moduan, haren margolanekin Arrasaten erakusketa egin nahi dugu. Gure elkarteak dagoeneko 600 margolan baino gehiago ditu batuta, baina, uste dugu herriko etxe askotan oraindik gehiago daudela”, azaldu du Alvaro Arregik, Julio Galarta Pintorearen Lagunak Elkarteko presidenteak.
Herritarrei laguntzeko eskaria
Elkartekoen esanetan, Galartak milaka koadro margotu zituen. "Margolanen bat duenari eta uzteko prest dagoenari gurekin harremanetan jartzeko eskatu gura diogu. Maalako Errabalean dagoen Arregi Arte dendara hurbilduta edo galartaelkartea@gmail.com helbidera idatzita egin dezakezue. Margolana zeri buruzkoa den, gutxi gorabehera zein urtetakoa den eta dituen neurriak zehaztea eskertuko genuke".