Aurten talde indartsu batek emango dio hasiera Kooltur Ostegunen zazpigarren zikloari. Señor No talde donostiarra Arrasateko Gaztetxeko taula gainean arituko da bere rock-and-roll basatia eskainiz.
Iaz ere ostegunetako emanaldietan hartu zuten parte; kontzertu hartan A veces no singlea aurkeztu zuen laukoteak. Biharko emanaldian, single hori jasotzen duen No cambies siempre diskoa aurkeztuko dute, pasa den abenduan argitaratu zutena.
Arrasate eta Debagoienean, orokorrean, zale asko dituzte, eta, horregatik, antolatzaileei aproposa iruditu zaie taldea berriz ekartzea. Suedian izan berri da biran; Stockholm-en eta inguruetan zenbait kontzertu eskaini dituzte.
Ibilbide luzea
Señor No taldeak hogei urte baino gehiagoko ibilbidea dauka, eta momentu arte zazpi disko eta bederatzi single argitaratu ditu. 1993ko udaberrian, Donostiako Buenavista eraikinean zeukaten lokalean hasi ziren jotzen; gaur egun, Xabi Garre gitarra jole eta ahotsa da sorreratik irauten duen taldekide bakarra. Taldearen influentziak ugariak dira, baina, batez ere, 70eko hamarkadako rock gogorra eta 77ko punka dira.
Egitura bera
Kooltur Ekintza taldeak azken urteetako egitura berari eutsiko dio; beraz, kontzertuak eguen gauetan izango dira (22:00), sarrera bost euro kostako da eta talde bakarraren emanaldia izango da.