Nagusilan, Duintasuna, Fevaas, Gepe, Helduak Adi eta Gipuzkoako Erretiratu eta Pentsiodunen Elkarteak deituta egin zituzten elkarretaratzeak Gipuzkoa osoan, tartean Debagoieneko zortzi herrietan.
Arrasaten, Herriko Plazan bildu ziren pentsiodunak, eta lurraldeko erretiratu eta pentsiodunen elkarteko kideek irakurritako oharrean eskatu zuten, besteak beste, alarguntza pentsioak %70era igotzea.
Era berean, nabarmendu dute pentsioak urtean %0,25eko igoera izango dutela, KPIaren %2iko igoera baino txikiagoa, beraz. Ondorioz, erosketa ahalmena galtzen joango dira urtez urte erretiratuak.
Horrez gain, azpimarratu dute sarritan pertsona nagusiek egoera delikatuan dauden familiartekoei lagundu behar izaten dietela.
Bestalde, atzo elkartutako elkarte gehienek bat egin dute ere 1.080 euroko gutxieneko pentsioen eskaerarekin. Europako Karta Sozialean oinarritu dira, horren arabera kantitate hori baita duintasunez bizitzeko gutxienekoa.